Eduardo Arrillagaren argazki-sorta bat saritu dute Asisafoto argazki lehiaketan

Barren 2025ko ots. 17a, 17:48

Urrategi baserrikoa da saritutako bildumako argazkietako bat. Egilea Eduardo Arrillaga Santolaya.

31 herrialdetako 242 argazkilarik hartu dute parte Asisafoto nazioarteko argazki lehiaketan, eta Elgoibako baserrietan ateratako irudiak aurkeztu zituen lehiara Eduardo Arrillaga Santolaya argazkilariak.

Arrillagak azaldu duenez, "Cielos de Plata" izenarekin aurkeztu zuen argazki bilduma 2024ko Asisafoto lehiaketara, gai libreko monochromo atalean lehiatzeko, hain zuzen ere. Elgoibarko baserrietako giroa eta bizimodua jasotzen duen bilduma horregatik Argazkilaritza Artearen Nazioarteko Federazioak (FIAP) ematen duen ohorezko aipamen bat jaso du argazkilari elgoibartarrak.

Lehiaketara aurkeztutako argazkiak azken 30 urteetan ontzen ari den egitasmo bateko parte direla azaldu du Arrillagak. "Ia amaitzear dudan 30 urteko lan batekoak dira argazkiak. Landa inguruaz gainera, gure kultura irudikatu nahi dut oraindik izenik jarri ez diodan lan horretan".

Honakoa ez da lehiaketa prestigiotsu honetan saritzen duten aurreneko aldia, 2014an ere saritu zuten lehenik, Dominikar Errepublikan ateratako argazki sorta bategatik. Eta, 2023an beste sari bat jaso zuen Buñoleko 'Tomatina' jaian ateratako argazki bategatik.

ASISA Fundazioak hamabosgarrengoz antolatu du nazioateko argazki lehiaketa, eta kategoria berriak gehitu dituzte azken urteetan, planetako txoko guztietako argazkilarien parte-hartzea errazteko. Josep María Ribas i Prous ohorezko kide eta presidentea buru dutela, epaimahaiak hainbat kategoriatako adituak biltzen ditu urtero. Honakoek osatu dute urtero aldatzen duten epaimahaia: Montserrat Gonzalez, Sofía Moro, Cristina García Rodero, Juan Manuel Castro Prieto, Manuel Viola, Gabriel Brau,  Isabel Díez San Vicente eta Rocío Martín Ruik.

Azken ekitaldi honetara 4.086 argazki aurkeztu zituzten 31 herrialdetako 242 argazkilarik, eta epaimahaiak zazpi kategoriatan banatu ditu sariak (ikus IRABAZLEAK)