Buñoleko Tomatina jaian ateratako 'En el fragor de la batalla' izeneko argazkia aurkeztu zuen Arrillagak Asisafoto nazioarteko argazki lehiaketara, eta ohorezko aipamena jaso du irribarrreak kategorian. Se atal ditu lehiaketak: gai libreko argazki kolore bakarrekoak, kolorezkoak, kirola, natura, bidaiak eta irribarreak. Azken hori, irribareak protagonista diren atala, kategoria xumeena moduan jaio zen arren, lehiaketako garrantzitsuenetarikoa bilakatu dela diote antolatzaileek, eta mundu osoko argazkilariek bidalitako milaska argazki jasotzen dituzte, 7450 argazki guztira. Aurtengo edizioan, Istvan Kerekes hungariarrak aurkeztutako 'Angel' argazkia saritu dute lehen sariarekin eta Simone Tramonteren 'Smile II' argazkiak jaso du zilarrezko domina. Sei argazkilari saritu dituzte ohorezko aipamenarekin, horien artean Eduardo Arrillagarena (saritu guztien zerrenda). Duela urte batzuk ere saritu zuten Arrillagaren lan bat lehiaketa honetan, 2014an hain justu ere, Dominikar Errepublikan ateratako argazki sorta bati esker.
Beste hainbat proiekturen artean, Txiki Egunari buruzko bilduma osatzen dihardu Arrillagak azken urteetan, eta horrekin batera beste herri batzuetako jai zoroak erretratazen ere ari da urtez urte, eta Buñolen (Valentzia) egiten den 'Tomatina' izan zen aukeratuetako bat. "Buñol Elgoibarren antzerako herria da. Santa Ana kaletik Maala arteko eremu batean kamioi bat irteten da jendeari tomatea botatzen. 26.000 pertsona biltzen dira, eta sartzeko tiketa behar da", azaldu zion Arrillagak BARRENi, orain bi urte. Festa berezi ea zoro horren mamia jaso nahi du irudietan, eta horretarako festan murgiltzen da bera ere, festaren barruan egosten dena irudikatu nahi baitu.