Gaurtik zabalik dago Aste Santuko Kirol Campuserako izena emateko epea

Barren 2025ko ots. 17a, 14:21

Apirilaren 14tik 25era bitartean egingo dute Aste Santuko Kirol Campusa Elgoibarren, eta gaur zabaldu dute izena emateko epea.

2013 eta 2018 urte bitartean jaiotako haurrek (biak barne), hau da, LH1etik LH6ra arteko eskola umeek, parte hartu ahal izango dute Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatzen duen campusean. Aurtengoa apirilaren 14tik 16ra eta 22tik 25era egingo dute, egun bakoitzean 09:30etik 12:30era. Partaideek hainbat joko eta kirol egiteko aukera izango dute aire librean zein herriko kirol instalazioetan: Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxeta eta Ikastolako frontoia. 

Prezioek gora egin dute iaztik hona. Patronatuko abonatuek 53 euro ordaindu beharko dute eta 59 euro abonatu gabekoek. Gizarte-laguntzaren bat jasotzen duten familiek %70eko deskontua izango dute, eta familia ugariek edo guraso bakarrekoek ere izango dute deskontuak eskatzeko aukera, %30eko deskontua, hain justu ere. 

Informazio gehiago Olaizaga kiroldegian eskuratu daiteke edota 943 744 415 telefono zenbakira deituta. Izen emate epea apirilaren 4an amaituko da.