Zuzendaritza taldea eraberritzeko deia egin du Morkaikok, urteko batzar orokorraren harira

Barren 2025ko urt. 14a, 13:57

Mendi Federazioaren sorreraren mendeurrena ospatzeko Erlo gainera igo ziren hainbat lagun, iazko apirilean.

Batzar orokorrera deitu ditu bazkideak Morkaiko Mendizale Elkarteak urtarrilaren 22rako, eguaztena. Zuzendaritza taldea berritzeko unea dela uste dute egungo arduradunek.

Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian egingo dute batzarra, 19:00etan. Halere, bada berezitasun bat, ez ohiko batzarra egingo baitute lehenik, estatutuen aldaketaren onarpena aztertzeko, zuzendaritza aldaketa batzar orokorrean egin ahal izateko aldaketa hori onartzea beharrezkoa dela-eta. Izan ere, indarrean dituzten estatutuen arabera, hauteskundeak deitu beharko lituzkete zuzendaritzaz aldatzeko.
 Gero, batzar orokorrean, iazko urtearen errepasoa, antolatutako ekintzen balorazioa eta balantze ekonomikoa izango dituzte hizpide, besteak beste. 2025 urterako ekintzak ere aurkeztuko dituzte eta logotipo berriaren berrespena ere bazkideen esku lagako dute. Zuzendaritzako kideen artean karguak banatzea ere bada gai ordeneko puntuetako bat. 

Zuzendaritza taldea berritzeko deia

Zuzendaritzak berritzeko beharra duela jakinarazi dute mendi taldeko egungo arduradunek. "Lau lagun gaude zuzendaritza taldean, eta ez da jende aldaketarik egon azken urteetan. Morkaikok lagun berriak behar ditu gidaritzan, ideia berriak eta gogo berriak ekarriko dituzten lagunak", adierazi dute. Elkarteari tira egiteko prest leudekeen lagunei pausoa eman eta eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Azaldu dutenez, zalantzak argitu eta azalpenak emateko prestutasun osoa dute.