Egur arte tailerrekoek marrazkiekin apaindu dituzte Sigmako aparkalekuko zutabeak

Barren 2025ko ots. 5a, 17:08

Herriko kultur eta arte sorkuntza bultzatzeko Elgoibarko Udalak emandako laguntza baliatuz margotu dituzte Egur Arte Tailerrekoek Sigmako aparkaleku estaliko zutabeak.

Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak 7.000 euro bideratu zituen 2024an, herriko kultur eta arte sorkuntza laguntzeko. Azaldu zutenez, herriko bizitza kulturala aberasteko sormen prozesuak garatzeko elgoibartarren proiektuak sustatzea zuten helburu. Bertoko sortzaileen hiru proposamen aurkeztu ziren, eta Egur Arte tailerrak aurkeztutako egitasmoa izan zen horietako bat. Sigmako aparkalekuan dauden 17 zutabeak marrazkiekin dotoretzea proposatu zuten Egurrekoek, eta 5.400 euroko laguntza jaso zuten ideia gauzatzeko. "Ekimenak lankidetza izaera du, tokiko hainbat elkarte eta artista integratuz, eta horrek komunitate zentzua eta adierazpen artistikoa bultzatu nahi ditu udalerrian", adierazi dute Udaletik. 

Asier Etxaniz eta Ibon Serrano izan ziren laguntzak jaso zituzten herriko beste bi sortzaileak. Etxanizek 1.000 euroko diru-laguntza jaso zuen, “Txoteko ezpata” musika taldearen izenean, ‘Ilunpean jai duzu’ CDa argitaratzeko. Era berean, Serranok 600 euroko laguntza jaso zuen, Mugertza kerosari buruzko margolan bat sortzeko.