Agirrebeñak Adrian Pajares, Izaro Perurena eta Uxue Mardaras izan zituen taldekide eta 13. postuan sailkatu ziren, 28:16ko denborarekin. Aragoiko taldeak irabazi zuen proba (25:45), Gaztela eta Leoiko selekzioari segundo bakarreko aldeaz irabazita. Agirrebeña pozik dago euskal selekzioa ordezkatzeko izan duen aukerarekin, eta "amets" bat bete duela dio. Euskadiko Kros Txapelketan bigarren eginda lortu zuen sailkatzea.
Maila handia erreleboetan
Getafen zirkuitu nahiko gogorra topatu zuten arren, lasterketa polita izan zela dio. "Nahiko gorabeheratsua zen zirkuituaren lehen zatia, eta lauagoa zen bigarrengoa; baina, zuhaitz enborrak jarri zituzten proba zailtzeko. Eta, lokatz pixka bat ere bazegoen". Lehen postuetatik nahiko luketena baino urrunago ibili ziren arren, gainerako selekzioek aurreko urteetan baino maila handiagoko lasterkariak eraman dituztelako izan dela uste du Agirrebeñak.
Azkartasuna eta indarra, bietatik behar
Errelebo mistoen probak berri xamarrak dira, Espainiako txapelketa adibidez hirugarrengoz jokatu dute. Agirrebeñak, baina, badu eskarmentua era honetako lasterketetan, Donostiako Super Amara BAT taldearekin hartu baitzuen parte kluben arteko Espainiako kros txapelketan, 2022an eta 2023an. "Jokatzeko proba politak dira, eta ondo egokitzen dira nire ezaugarrietara. Denbora eta distantzia labur batean, bi kilometroren bueltan egoten dira, dena eman behar da, hustu arte. Alabaina, komeni da indarrak gordetzea ere, azkarregi irtetea erraza baita. Gainera, ez da ahaztu behar kros lasterketetako ibilbideek asko zailtzen dutela norbere indarraren kudeaketa hori, are gehiago lokatza dagoenetan. Hortaz, azkartasuna eta indarra uztartu behar dira errelebo mistoen lasterketetan".
Marka pertsonalak ontzea helburu
Pistako atleta den arren, Mintxeta taldeko kideak krosa du atletismo-modalitate kuttunena. Asfaltoan ere ibiltzen da, bost eta hamar kilometroko probetan bereziki. Pistan, 1.500 metroko eta 5.000 metroko lasterketetan bere marka pertsonalak ontzea da bere buruari denboraldi honetarako jarri dion erronka. "Otsailean eta martxoan 10 kilometroko pare bat lasterketa lehiatzeko asmoa dut, eta horien ostean hasiko naiz aire libreko pista denboraldirako prestatzen".