Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako liga txapelketan lehen postuetan sailkatu diren taldeek eta Euskal Ligan azken postuetan daudenek jokatu dituzte, asteburuan, Euskal Ligara igotzeko kanporaketak, lau taldeko bi multzotan banatuta.
Zumarragako Ispilla kiroldegian lehiatu ziren lau talde, horien artean Sanloko Urkunde. Barikuan Muskiz Eskubaloiaren (Bizkaiko bigarren sailkatua) aurka jokatu zuten elgoibartarrek, eta 32-38 galdu zuten. Zapatuan, aldiz, Mek Eibar Eskubaloia A (Euskal Ligako zazpigarren sailkatua) izan zuten aurkari eta 32-29 irabazi zieten Sanlokoek auzokoei. Azken partidan, domekakoan, etxeko taldearen aurka jokatu zuen Urkundek, Urola EK RSA taldearen aurka. Eta Gipuzkoako txapelketa irabazi berri duten zumarragarrek irabazi zuten partida, 37-34ko emaitzarekin.
Lehen postuan Muskiz sailkatu zen, bigarrenean Urola, hirugarrenean Elgoibar eta laugarrenean Eibar. Lehen hirurak Euskal Ligan arituko dira, denboraldia amaitu arte. Euskal Ligako onenek gainera, Estatuko txapelketa jokatuko dute.