Urkunde taldeak Euskal Ligara igotzeko jokatu du Zumarragan

Barren 2025ko urt. 24a, 15:07

Euskal Ligara igotzeko fasea jokatuko du Urkunde eskubaloi taldeak asteburuan, Zumarragan.

Kadete mailako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako liga txapelketan lehen postuetan sailkatu diren taldeek eta Euskal Ligan azken postuetan daudenek jokatuko dituzte Euskal Ligara igotzeko kanporaketak. Lau taldeko bi multzo egin dituzte eta multzo horietako bateko taldeek Zumarragako Ispilla kiroldegian jokatuko dute igoera fasea.

Zumarragan lehiatuko den taldeetako bat izango da Sanloko Urkunde taldea, Gipuzkoako ligan hirugarren postuan sailkatu eta gero. Hiru talde izango ditu aurkari: Urola EK RSA (Gipuzkoako txapelduna), Muskiz Eskubaloia (Bizkaiko bigarren sailkatua) eta Mek Eibar Eskubaloia A (Euskal Ligako zazpigarren sailkatua). 
Multzo bakoitzeko lehen hirurak Euskal Ligan arituko dira, denboraldia amaitu arte. Eta, Euskal Ligako onenek, berriz, Estatuko txapelketa jokatuko dute.

Horra hor Zumarragako igoera fasean jokatuko dituzten partidak:

  • Barikuan 18:00etan: Urkunde Elgoibar    Vs   Muskiz Eskubaloia
  • Barikuan 20:00etan: Urola EK RSA   Vs  Mek Eibar Eskubaloia A
  • Zapatuan 10:00etan: Urkunde Elgoibar   Vs  Mek Eibar Eskubaloia A
  • Zapatuan 12:00etan: Muskiz Eskubaloia    Vs  Urola EK RSA
  • Domekan 09:30ean: Mek Eibar Eskubaloia A    Vs  Muskiz Eskubaloia
  • Domekan 11:15ean: Urola EK RSA    Vs  Urkunde Elgoibar