Nahia Rojo: “Espazio seguru bat eskainiko dugu Desiran, jendea entzuteko, inor epaitu gabe”

Barren 2025ko urt. 25a, 15:12

Elgoibarko Udalak sexu aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan Guztiok elkartearekin lankidetzan, eta Nahia Rojo izango da zerbitzua emango duen aholkularia (Ermua, 1982).

Sexualitatearekin lotutako hainbat alderdi jorratuko dituzte Desira zerbitzuan, besteak beste, sexu-orientazioa, aholkularitza eta laguntza arduratsua. Banakako, bikoteentzako edo talde txikientzako arreta emango dute, konfidentzialtasun osoz. Herritar guztiei zuzendutako zerbitzua izango da; adin edota genero guztietako herritarrentzako. Doako zerbitzua izango da, eta hilean behin emango dute arreta presentziala, hileko azken astelehenean Lilan, 16:00etatik 19:00etara. Derrigorrezkoa ez bada ere, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatu dute arduradunek, desiraelgoibar@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Sexologia aholkularitza zerbitzua emango duzu hilean behin, Lilan. Aurkeztu iezaguzu zure burua.
Psikologo eta sexologoa naiz ikasketaz, eta Guztiok enpresaren bitartez sexu aholkularitza ematen dut. Sexologia arloko formakuntza saioak ere ematen dizkiet irakasleei, ikasleei, familiei eta baita aniztasun funtzionala duten pertsonei eta haien ingurukoei ere. Gustura izeneko programa daukagu haientzat. Kolektibo honi denbora askoan ukatu zaio sexualitatea, eta hor sartuta gaude, aholkularitza ematen. Arlo pribatuan ere eskaintzen ditut terapia psikologikoak.

Elgoibarko sexu aholkularitza gunean zer eskainiko duzue?
Hileko azken astelehenetan emango dugu zerbitzua, Lilan. Doan izango da, eta nahi duen jende guztiarentzat. Bakarka, bikotean edo talde txikian etor daiteke eta sexologiari lotutako edozein zalantza argitzen saiatuko gara. Profesionalak gara, eta espazio seguru bat eskaini nahi dugu, jendea entzuteko, inor epaitu gabe. Gure zeregina entzutea izango da, laguntzea, bibliografia egokia eskaintzea, aholkuak ematea eta beharrezkoa den kasuetan beste norabaitera bideratzea. Gurasoentzako ere interesagarria izan daiteke, jakiteko seme-alabekin sexualitatearen gaia nola landu. Askotan galduta egoten dira gurasoak gai honetan. Argi utzi nahi dugu jende guztiarentzako zerbitzua izango dela.
Eta sexualitateaz haragoko gaiak ere landuko ditugu: generoa, transfeminismoa, identitate sexuala, indarkeria matxista... Gure taldean denok gaude formatuta genero eta berdintasun kontuetan, eta genero aniztasuna oso presente daukagu. Gure sexu hezkuntzak hiru ardatz ditu: sexologia, generoa eta berdintasuna, eta sexu eta genero identitatea. Gai hauetan ere aritzen gara. Ez da beharrezkoa txanda hartzea, baina gomendagarria izango da, tarte bat gordeta daukazula ziurtatzeko. Ordua hartuta dutenek lehentasuna izango dute, eta txanda gabe datozenek itxaron egin beharko dute.

Gune segurua, konfidentziala eta lasai hitz egitekoa izango dela diozu. Oraindik beldurra ematen du sexualitateari buruz hitz egiteak? 
Ez gaude lehengo egoeran, baina bai, sexualitatearen gaiak tabu izaten jarraitzen du oraindik, nahiz eta apur bat normalizatu den. Gaia pil-pilean dago, eta gero eta gehiago hitz egiten da, batez ere gazteen artean. Horrelako aholkularitza guneetan jende gaztea ibiltzen da batez ere, eta haiek normaltasunez hitz egiten dituzte gai asko, baina guk iritsi nahi dugu baita ere jende helduarengana, haiek ere gaiaz lasaitasunez hitz egin dezaten. Lila azpian jubilatuen egoitza dago, eta guretzako sekulakoa izango litzateke jubilatuengana ere iristea. Oso aberasgarria izango litzatekeela iruditzen zait. 

Informazioaren garaian bizi gara, eta informazioa erraz eskuratzen da edozein gairi buruz. Baina kalitatezko informaziora iristen gara?
Informazio gehiago daukagula uste dugu, baina guk beti esaten dugu informazioa baino mezuak zabaltzen direla sare sozialetan, eta askotan ez direla mezu egokiak izaten. Badaude profesional onak ere, baina bereziki gazteengana modu errazean iristen direnak ez dira serioak izaten gehienetan; hitzontzi asko dago sarean. Guretzako Elgoibarko Udalak egin duen apustua oso ona da, eta hau izan behar da bidea, gune honetan informazio zehatza eta zuzena emango dugulako. Guk ikasketa serioak dauzkagu eginda eta informazio serioa ematen dugu. Interneten zabaltzen diren mito askoren benetako bertsioa lantzen dugu edo gutxienez haiei buruz eztabaidatzen dugu. Guk ere jarraitzen ditugu sare sozialak eta ezagutzen ditugu gazteentzako erreferentzia egokiak izan daitezkeen influencerrak eta horien berri ere ematen diegu, eta aldiz, egokiak ez direnen teoriak desmuntatzen saiatzen gara.

Sare sozialak aipatu dituzu. Sexualitateari lotuta sare sozialen erabilera desegokiak dituen arriskuez kontziente dira gazteak?
Gai hau asko lantzen dugu, bai kontsultategian eta baita ikastetxeetan ere, eta beraiekin hitz egiten dugunean badirudi baietz, kontziente direla eta ezagutzen dituztela arriskuak, baina hala ere asko jausten dira erabilera desegoki horietan. Harreman batean sartzen dira, hasten dira argazki intimoak konpartitzen eta konturatzerako harrapatuta daude, irten ezinda. Arlo teorikoa badakite, diskurtsoa landuta daukate, badakite ez dituztela partekatu behar argazki intimoak, eta sextingaren kontrako programa askotan hartzen dute parte, baina gero, praktikan, asko jausten dira. Egoera horri buelta ematea kostatu egiten da, baina beti dago irtenbidea. 

Sexu hezkuntza eskoletan ikasgai izan beharko litzatekeela defendatzen dute askok. Zer iritzi daukazu zuk horri buruz?
Aspaldiko eztabaida da hau, eta sarri entzun izan dugu sartuko dutela sexu heziketa beste ikasgai bat moduan, baina ez da zurrumurruetatik harago joan momentuz. Oso interesgarria izango litzateke, baina ez da erraza. Nork emango luke sexu heziketa ikastetxeetan? Irakasleekin askotan hitz egin izan dugu honi buruz eta askok aitortu izan digute beraiek ez daudela sexu heziketa emateko prestatuta. Guk ematen dizkiegu irakasleei ere formakuntza tailerrak, sexu heziketa txertatu dezaten beraien ikuspegian eta adi egon daitezen, baina sexu heziketa ikasgai moduan eman ahal izateko gaiaren gaineko beste ezagutza bat behar da, eta irakasle gehienak ez daude horretarako prestatuta. Beraz, ikasgai bihurtzea ondo legoke, beharra badago, baina modu egokian ematen dela ziurtatu beharko litzateke.

Noiz eta nola hasi beharko genuke umeekin sexualitateaz hitz egiten?
Guk beti esaten dugu zenbat eta lehenago hasi sexualitateaz hitz egiten, hobea dela. Nik urte asko daramatzat ikastetxeetan formakuntza saioak ematen eta hasieran LHko hirugarren zikloan.