Urtarrilaren 27an jarriko dute martxan “Desira” sexu aholkularitza zerbitzua

Barren 2025ko urt. 22a, 10:32

Ariana Nogales, Nahia Rojo etas Maialen Gurrutxaga 'Desira' zerbitzuaren aurkezpenean. Elgoibarko Udala.

Herritar guztiei zuzendutako sexu aholkularitza zerbitzua izango da Desira; adin edota genero guztietako herritarrentzako. 

Elgoibarko Udalak jarri du martxan zerbitzua, Guztiok elkartearekin lankidetzan, eta astelehenean aurkeztu zuten Lilan. Sustatzaileek doako zerbitzua izango dela azaldu zuten, eta sexualitatearekin lotutako hainbat alderdi jorratuko dituztela argitu zuten, besteak beste, sexu-orientazioa, aholkularitza eta laguntza arduratsua. Banakako, bikoteentzako edo talde txikientzako arreta emango dute, "konfidentzialtasun osoz". Nahia Rojo (Ermua, 1982) izango da zerbitzua emango duen aholkularia. 

Urtarrilaren 27an jarriko dute martxan, eta hilean behin emango dute arreta presentziala, hileko azken astelehenean Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean (San Frantzisko 21, 2.solairua, atzealdeko sarrera), 16:00etatik 19:00etara. Derrigorrezkoa ez bada ere, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatu dute arduradunek, desiraelgoibar@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Era berean, interesa dutenei Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak emango die informazio osagarria. 

Zerbitzuko sustatzaileek landuko dituzten esparruak zerrendatu dituzte: 

  • Konfiantza, topaketa erotiko eta sexu-praktiketan. Norberaren eta bikotekidearen gogobetetasuna eta plazera.
  • Identitate sexualak: Zer motatako neska edo mutila naiz? Zein izan nahi dudan eta zergatik.
  • Desioak eta identitateak: LGTBIQ+ kolektiboaren bizipenak. Onarpen pertsonala eta ezezkoa jasotzeko beldurra kudeatzea.
  • Transmisio genitaleko infekzioei buruzko informazioa.
  • Sare sozialen erabileran sor daitezkeen gatazkak eta indarkeriak.
  • Drogen kontsumoaren eragina (sexualitateari dagokionez).
  • Antisorgailuen eta larrialdi-metodoen inguruko informazioa.
  • Haurdunaldiaren borondatezko etenaldiari eta amatasunari buruzko zalantzak.
  • Bikoteen zailtasun arruntak: harreman gatazkak, maitasuna, maitemintzea, jeloskortasuna, haustura emozionalek sor dezaketen dolua, presioak eta xantaia emozionalak.
  • Harreman trebetasunak: sedukzioa, adiskidetasuna, ligoteoa.
  • Gorputzen eta genitalen inguruko zalantzak; masturbazioa, hilekoaren arazoak, menopausia, autopertzepzio negatiboa eta autoestimua.