Elgoibarren moduan, Markina-Xemeingo Barinaga auzoko auzotarrek ere ospatu zituzten San Anton jaiak, eta Kalamua-Barinaga jaitsiera izan zen Barinagako Jai Batzordeko kideek antolatutako ekitaldietako bat. Lau urteko etenaldiaren ostean berreskuratu dute mendi lasterketa berezi hau, dena goitik behera egiten baita, Kalamuako tontorretik hasi eta Barinaga auzoko frontoira arteko 3,7 kilometroko jaitsiera.
Aurtengoan 35 saltakarik hartu zuten parte eta bata bestearengandik 30 segundotara irten ziren, banakako lehian. Emakumezkoetan Mayi Mujika izan zen azkarrena, 14 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Mujikak lau alditan hartu du parte eta lauretan izan da irabazlea. 2019an irabazi zuen azkenengoz, jarraian lortu zuen hirugarren garaipena eskuratu zuenean. Probaren erdialdera orkatilla bihurritu eta jaitsieraren bigarren zatia minez egin zuela aitortu duen arren, Mujika oso pozik dago garaipenarekin, baina bereziki proban sumatu zuen "giro onarekin". Nahia Ibarzabal sailkatu zen bigarren postuan (16,20) eta Bidane Baskaran hirugarrengoan (16,54).
Julen Garaiburu berastegiarra izan zen irabazlea gizonezkoetan (11:27).
CATT Morkaiko trail taldeko bost kidek hartu zuten parte proban, eta horiek ere gustura daude. "Lasterketa txukuna egin genuen, taldearen izena goian lagaz, lehen hamabost postuen barruan sailkatu baiginen taldekideok, denbora onak eginez gainera", azaldu du Juanan Martinek. (ikus sailkapenak)
Argazkiak: Lea Artibaiko Hitza, CATT Morkaiko eta eta Iker Agirre.