Atzo inauguratu zuten Renishaw Solutions Centre izeneko espazio berria. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Ideko zentroaren instalazioetan kokatuta dago teknologia berritzaileak garatzeko erabiliko duten laborategia, eta bi eragileen artean 2024ko Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan sinatu zuten lankidetza-hitzarmean jasotakoaren fruitua dela azaldu dute.
Inaugurazio ekitaldian enpresetako eta erakundeetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte, besteak beste, Jaione Ganzarainek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak; Pedro Duranek, Renishaw Ibericako Zuzendari Nagusiak; eta, Rafael Lizarraldek, Ideko zentro teknologikoko zuzendari nagusiak. Ekitaldian hiru dimentsioko neurketarako ekipamenduak, produkzio-prozesuen kontrola, metalezko fabrikazio gehigarria, makina-erremintak eta makinen eta robot industrialen kalibrazioa erakutsi zituzten.
Lizarraldek azaldu zuenez, aspalditik dute harreman "estua" Renishaw enpresarekin, euren ekipoak erabiltzen dituztelako eta osagaien hornitzaile ere badirelako. Hitzarmen honekin eta espazio hau eskainiz bien arteko lotura indartu dutela azpimarratu zuen Idekoko zuzendari nagusiak. Bere berbetan, euren ekipamenduen sustapena egiteaz gainera, Idekoren I+G jardueran ere lagundu ahal izango die Renishawk.
Ildo beretik, Duranek balioan jarri zuen berrikuntza DNA partekatzen dutela Idekorekin, eta hurrengo urteetan hori erakutsiko dutela teknologiak, ekipamenduak eta, batez ere, esperientziak elkarbanatuz. "Solutions Centre-k gure berrikuntzarik aurreratuenetako batzuk erakusten ditu, dagoeneko industrian presente daudenak eta prozesuen hobekuntzan funtsezkoak direnak", esan zuen.
Batak zein besteak azaldu zutenez, bi erakundeen arteko hitzarmenak epe luzerako bokazioa du, eta Danobatgroup industria taldean ere badu eragina. Honela azaldu zuten hiruren arteko sinergia: "Danobatgroup makina-erremintan lider den industria-taldea da, Ideko da bere berrikuntzaren motorra eta Renishaw erabiltzen dugun teknologiaren hornitzaile nagusietako bat da, hainbat produktu-lerrotan".