Antzezlan berri bat prestatzen hasi da Jubi Antzerki Taldea, eta parte hartzera dei egin dute

Barren 2025ko urt. 21a, 13:27

Jubi Antzerki Taldekoak 'Antzerki ferekak' antzezlanean.

Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak aktore formakuntzarako antzerki tailerra jarri zuen martxan 2023ko urrian, Taupada Antzerki taldearen eskutik.

Tailer hartatik jaio zen Jubi Antzerki Taldea, eta jendaurreko bi emanaldi ere eman dituzte harrezgero. Lehena Jubilatuen Biltokian berton, mikroantzerkiaren bi ale antzeztu zituzten iazko maiatzean, 'Antzerki ferekak' izenburupean. Gloria Santiago, Rosa Mata, Mari Tere Arakistain, Coro Fernandez, Loli Outumuro eta Maite Txurruka aritu ziren aktore lanetan, Taupadako Edurne Lasa eta Joxemari Larrañagaen gidaritzapean. Antzezlan hori osatu eta ondu ostean, Donostiako Intxaurrondo auzoan taularatu zuten berriro abenduaren 12an, Agijupensek (Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten Federazioa) sustatutako Gipuzkoako pentsiodun eta jubilatuentzako antzerki taldeen topaketan, hain zuzen ere.

Orain antzezlan berri bat sortzeko lanak hasi dituztela jakinarazi dute, eta parte hartzera animatu dituzte herriko jubilatuak. Saio horiek antolatzearen helburua antzerkiaren esentzia arnastea dela azaldu dute sustatzaileek, "sentitzeko, bizitzeko, pentsatzeko, begiratzeko eta  ikertzeko modu berriak eskaintzea", euren berbetan.

Jubilatuen Biltokian eman daiteke izena, urtarrilaren 23ra bitartean; bulegoko ordutegian (astelehen eta barikuetan, 11:00etatik 12:00etara) edo 688742013 telefonora mezu bat Whatsappez bidalita. Aktore formakuntzarako saio berri horretan parte hartzen dutenek 22 euro ordaindu beharko dituzte hileko. Saioak euskaraz izango dira.

Lotura duten albisteak: