Anaia txikiaren bila irten, eta nahi barik, Europaraino iritsi zen Balde, bidean, gosea, egarria, tortura, esklabotza, arrazismoa eta beste hainbat miseria jasanda. Ibrahimari entzun eta haren ahozko jarioa errespetatuz idatzi zuen Arzallusek liburua eta guzti horri lehial izan zaizkio Artedramakoak obra honetan. Horixe izan dute erronka nagusia, Ander Lipus (Markia-Xemein, 1971) zuzendari eta aktorearen arabera. Sarrerak erosteko: herrikoantzokia.eus
Zerk bultzatu zintuen 'Miñan' antzezlan bihurtzera?
Pandemia betean irakurri nuen Miñan eta inpresionatuta utzi ninduen, bai Ibrahimaren istorioak berak eta baita Ametsen idazkerak ere, baina egia da oholtzara eramatea ez zela nigandik irten, hasiera batean behintzat. Artedraman beti izan dugu migrazioaren gaiarekiko sentsibilitate berezia [Aurrez Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz obrak sortu zituzten]; beti kezkatu gaitu kanpotik datozenei ematen diegun tratuak eta nola sentitzen diren haiek gurean, baina Miñan irakurri nuenean nire burutik ez zen pasatu antzerkira eroatea, batez ere nik ez ditudalako sekula testuen egokitzapenak egin. Artedraman geuk idatzi izan ditugu obrak. Baina ezagutu nuen Timberlake Wertenbaker, Ametsen laguna, Londresen bizi eta Saran (Lapurdi) euskaldundua den dramaturgoa, Miñan ingelesera itzuli zuena. Timberlakek esan zidan asmoa zuela Londresen muntatzekoa antzezlana, baina handik denbora batera zertan zen galdetu nionean, aitortu zidan ez zuela momentuan aukerarik topatu. Eta orduan, elkarrekin hemen egitea proposatu nion. Topatu genituen hiru aktore beltz miresgarri (Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye), eta jo genuen Ametsengana.
Arzallusek esana du hasieran nahiko uzkur agertu zela. Ez zuen edo ez zuten itxuraz argi ikusten.
Ez zeukan oso argi, ez. Gurearen aurretik Madrilgo antzerki konpainia baten eta beste antzerki talde batzuen eskaintzak ere izan zituzten Miñan taula gainera eramateko, baina ezetza eman zieten. Ametsek arriskua ikusten zuen Ibrahimaren zauria berriro irekitzeko, istorioa berriro komertzializatzean, eta aldi berean kezkatzen zuen nola erakutsiko genuen zauri hori antzerkian. Azkenean, baina, baietza eman ziguten eta hasi genuen sorkuntza prozesua.
'Miñan' liburuaren 40.000 ale baino gehiago saldu ei dira euskaraz, itzuli dute beste hizkuntza batzuetara ere eta irakurle bakoitzak bere pelikula sortuko zuen. Batetik dago hori, eta bestetik, bi egileek hasieran agertu zizueten kezka. Pentsatzekoa da sentituko zenutela zuek ere halako ardura bat, ala?
Ez zen erronka erraza, eta guk ere bagenuen beldurra. Ametsek baietza eman zigun unetik nik argi izan nuen oso fidelak izan behar gintzaizkiola testuari eta ezin genuela ezer asmatu edo fizkionatu obrari ondo zetorkiolako. Oso zorrotz zaindu dugu hori. Jakina, gauza asko kanpoan laga behar izan ditugu, bestela antzerkia luzeegia izango zelako, baina uste dut gauza fina egin dugula, besteak beste Amets bera asko inplikatu delako sorkuntza prozesuan.
Sentitzen genuen halako konfiantza bat egiten ari ginen horren inguruan eta emaitzarekin oso-oso gustura gelditu gara, batez ere publikoa oso hunkituta irteten delako antzokitik. 45 emanaldi egin ditugu eta 11.000 lagunek ikusi dute obra; izugarria da! Arrakasta horretan faktore asko nahastu dira. Batetik, Ametsen figura, ukitzen duen guztia urre bihurtzen duelako, eta bestetik, gaia bera, baina beste bi faktore ere aipatuko nituzke: aktore taldea, batetik. Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreak oso gazteak dira, beltzak eta euskaldunak, eta oraindik ere horrek inpaktatzen gaitu, ez dugulako hori normalizatuta. Eta bestetik, Artedramak badu ibilbide bat egina, badu bere publikoa, eta hori ere garrantzitsua izaten da jendearengana iristeko. Antzezlanak badu gero beste kontu bat liburuak ez duena. Liburua Mediterraneoan amaitzen da, itsas salbamendukoek Ibrahima hartzen dutenean, baina nik argi ikusi nuen antzerkian zarratu behar genuela haren odisea, liburua irakurri duten guztiek galdetzen dutelako zer gertatu zaion gero Ibrahimari. Nik uste dut Ibrahimaren odisea hamar urte geroago amaitu zela, amarengana itzuli ahal izan zenean paper eta guzti.
Arzallusen idazkera xumea bezain ederra da 'Miñan'-en. Berak esana da ahozko kulturaren arrastoa zuen Ibrahimaren jarioaren neurriko euskara fabrikatzea izan zuela burukomin handiena. Liburua eta antzerkia bi gauza dira, baina hori nola ekarri duzue antzerkira?
Erronka handia izan dugu hori. Amets magoa da hitzarekin jolasean eta iruditzen zait sekulako aziertoa izan zuela horretan. Niretzat kezka handia zen Ibrahimaren ahots hori antzerkira bere horretan eramatea eta uste dut fidelak izan gatzaizkiola horri. Hizkuntzaz asko hitz egin genuen Ametsek eta biok, testu literarioan funtzionatzen zuten gauza batzuek ez zutelako funtzionatzen antzerkian. Kilo esaten dio kilometroari Ibrahimak testuan eta hori errespetatu dugu adibidez, baina badaude beste kontu batzuk ezin izan ditugunak ekarri antzerkira, antzerkiak beste hizkuntza bat darabilelako. Aita hil-hurren duenean adibidez, Ibrahimak 'aitak zailtasun batzuk ditu' esaten die auzokoei frantses kaskarrean, eta liburuan ederra den arren, ahozkoan eta bat-batekoan, ez da ondo ulertzen. Horren ordez, 'aita gaizki dago!' erabili dugu antzerkian. Hautu asko egin behar izan ditugu, eta hautu horietako bat izan da antzerkia euskara batuan sortzea ere.
"Arriagara etorri zen Ibrahima, baina azkeneko hamar minutuetan sartu zen antzokira, beretzat gogorregia zelako besteak beste aita nola hiltzen den ikustea"
Zuzendari izateaz gainera, aktore ere bazara obran. Zer eragin dizu pertsonaia horiek gorpuzteak?
21 pertsonaia interpretatzen ditut, eta hasieran izan nuen gatazka txiki bat, ni zuria naizelako azalez eta interpretatu behar nituen pertsonaia asko beltzak direlako, baina euskal antzerkigintzan prekarioan bizi gara eta, gustura egingo nukeen arren, ezin ba zazpi aktore beltz hartu! Artedramakoek, gainera, argi zuten neu egon behar nintzela. Hasieran eta bukaeran Ametsen papera egiten dut obran, baina gero egiten dut Ibrahimaren aitarena, umearena, Liberian mekanika irakatsi zion gizonarena, Nadorreko basoan programak antolatzen zituen trafikantearena.... Eta berdin egin dute besteek ere. Eiharak, 21 urte izanagatik, Ibrahimaren amarena egiten du, bai eta Ismail txikiarena ere, neska izanagatik. Antzerkiak baimentzen duen kodifikazio bat da hori.
Zer ikasi duzu guzti honetatik?
Ez direla hauek urrutiko kontuak. Ibrahima gorpuzten duen aktorea, Sambou, zumaiarra da, baina bere gurasoak senegaldarrak dira eta aitak entseguetan kontatu zidan berak ere zeharkatu zuela basamortua Afrikatik Europarako bidean eta ikusi zituela hildakoak bidean. Gauza horiek eragin egiten dute, jabetzen garelako gure ondoan bizi diren askok bizi izan dituztela ankerkeria horiek. Mikel Kaye aktorearen aitak berak ere bai. Eta horren inguruko gogoeta kolektiboa egiteko beharra zegoela ikusita eman ziguten baietza Ametsek eta Ibrahimak, badagoelako joera bat gaur Mediterraneoa zeharkatzen duten migranteak deshumanizatzekoa, haien bizitzen gaineko axolagabekeria zabaltzeko, bai eta haiei buruz dena jakingo bagenu moduan hitz egiteko joera ere, ahaztuta pertsona adina istorio daudela.
Zer esan dizue Baldek obraz?
Arriagara etorri zen Ibrahima, baina azkeneko hamar minutuetan sartu zen antzokira, beretzat gogorregia zelako besteak beste aita nola hiltzen den ikustea, baina badaki istoria zabaltzeak on egiten duela, kontzientzietan eragiten duen neurrian.
Zer lortuta sentituko zara bihar gustura?
Beti kostatu zaigu asko Elgoibarrera iristea eta gogotsu noa, azkena Zaldi Urdina obrarekin izan ginelako hor. Orain arte antzoki guztiak bete ditugu eta ederra litzateke hori ere betetzea. Jendea oso hunkituta irteten da emanalditik, asko eta asko malkotan, eta nahi nuke hor ere jendeak enpatizatzea migranteekin. Pozik nengoke kontzientzietan eragitea eta jendearen bihotzak xamurtzea lortuko bagenu.