Amets Arzallus: “Ibrahimak babes politikorik ezin bazuen eduki, gutxienez babes soziala izan zezan nahi nuen”

Barren.eus 2022ko eka. 10a, 14:51

Irungo Harrera Sarean zebilela ezagutu zuen Amets Arzallusek Ibrahima Balde, eta haren kontakizunarekin osatu zuten 'Miñan' liburua 2019an, elkarrekin. Balde 2018an abiatu zen Gineatik anaiaren bila, eta Irunera iritsi arte egindako bidea kontatzen dute liburuan. Eta liburuaz eta bien artean eraiki duten harremanaz hitz egin zuen Amets Arzallusek eguaztenean Elgoibarren, Elgoibarko Zabaltzen- Sartu irabazi asmorik gabeko erakundeak eskatuta.

 

 • Liburuaz esan izan duzu harreman baten istorioa dela. Nola hasi zen zuen arteko harremana?
2018ko urrian izan zen. Udaberritik hasita, Irungo Harrera Sareak bazeramakin bere martxa eta neu ere hor nenbilen, migratzaileei laguntzeko ahaleginean. Goizero, Irungo Renferen tren geltokitik hasita, itzuli bat egiten genuen bi muga ertzak pasaz, ikusteko ba ote zen iritsi berriren bat noraezean edo laguntza beharrean. Ibrahima ezagutu nuen egunean, 2018ko urriaren 25ean, ni nintzen itzuli hori egiten eta ikusi nuen Irungo tren geltokian bazirela dozena bat pertsona, begiekin pentsatuta, iruditu zitzaizkidanak iritsi berriak. Horietako bat zen Ibrahima. Bi egun zeramazkin Irunen, eta kontatu zidanez, gure elkarteko norbaitek egina zion harrera ordurako. Esan zidan ezagutzen zuela gure funtzionamendua eta nahi banuen berak lagunduko zidala goiz hartako itzulia egiten, errazagoa zelako bera bezalako bat hurbiltzea etorri berriengana ni hurbiltzea baino. Eta hor hasi zen gu bion arteko harremana.

 • 'Barruan zerbait mugitzen dizun haria da harremana". Zer mugiarazi zizun zuri?
Bide bila dabilen migrante bat ikusteak beti mugitzen du barrena, nahiz eginez-eginez ohitzen garen eta gutxiago harritzen gaituzten egoera gogorrek. Esango nuke halako pertsona batekin topo egite hutsak beste leku batean jartzen gaituela, eguneroko gure confort egoeratik kanpo. Haien aurpegierek, begiek, dena esaten dute. Muturreko egoeran daude eta Hendaia eta Irun artean oztopo handi bat dute aurrean, arriskua ere suposa dezakeena. Ibrahimarekin ere abiapuntua hori izan zen, nahiz gero bilakaera desberdina izan duen harekiko harremanak. Normalean egun bateko edo egun erdi bateko harremana izaten dugu pertsona hauekin, gero abiatzen direlako kostata bidean aurrera, askotan muga gurutzatzeko hainbat ahalegin eginez, eta galtzen dugulako haien pista. Iristen diren gutxi batzuek erabakitzen dute gelditzea eta asiloa eskatzea. Lau urtean, hogei bat mila pertsona ezagutu ditu Irungo Harrera Sareak eta horietatik hogei pertsona baino gutxiagok erabaki dute Irunen asiloa eskatzea. Ibrahima izan da bat.

 • Migranteen errealitatea zenbakitan ematen dugu askotan eta salatu izan duzu hor badagoela deshumanizatzeko arrisku bat.
Bai. Matematika inhumano horretan pausa bat egin eta pertsona bati entzuteko beharra sentitu nuen nik.

 • Migranteez zenuen aurreiritziren bat gainditzeko balio izan dizu?
Bai, noski. Gure hasierako asmoa Poliziari emateko txostena egitea zen, Ibrahimak asiloa eskatua zuelako hemen. Eta hasi nintzaionean galdezka, Ibrahimak esan zidan bere asmoa ez zela sekula izan Europara etortzea. Migranteekiko nuen klitxe bat hautsi zitzaidan une horretan. Migrante baten atzean ikusten dugun ibilbidearen motibazioaren logika beste bat izaten delako: bizi beharragatik beren lurra uzten duenarena Europara etortzeko, eta nahikoa traba eta gero, iristen denarena. Nahiz eta pentsatzen nuen bakoitzak bere istorioa zekarrela eta bide denak desberdinak direla, ohartu nintzen nik uste baino diferentzia gehiago zeudela zaku berean sartzen ditugun migrante horien artean. Deskolokatuta utzi ninduen, eta ni ere ibili behar izan nintzen nire buruaren bila, aurreiritzi horiek guztien atzetik edo aurretik.

 • Bion izenean argitaratu duzue liburua, eta zuri entzunda, berdinetik berdinerako harremana ematen du zuenak, oso bi mundu ezberdinetakoak zareten arren. Nola egiten da hori?
Oso zaila da berdinetik berdinerako harreman hori lortzea, ia ezinezkoa, nahiz eta ahalegin guztia egin ustez hori lortzeko. Praktikan etengabe konturatu naiz berdinetik berdinerako funtzionamendu hori hautsita dagoela, ni abiapuntu batean nagoelako eta bera beste batean. Hala ere, ahalegindu naiz eusten ahal bezainbat ildo horri, besteak beste liburuaren autoretzan hari emanez dagokion lekua. Berak bizi izandakoa zen, berak kontatutakoa, eta esango nuke, kontatu ezezik nola idatzi ere berak erakutsi zidala. Horregatik autoretzaren zati handiena berari zegokion. Hori argi nuen, baina beste gauza bat dira hizketan ari garela sortu diren milaka desorekak, berdinetik berdinerako harreman hori hausten duten detaileak. Desoreka igarri nuen, adibidez, kontakizunari laguntzeko marrazki bat egingo ote lukeen galdetu nionean, beharbada aurrez sekula marrazki bat egin ez zuenean. Desoreka dago, bera ez zelako ausartzen esatera sekula ez zuela marrazkirik egin. 'Egingo dut, baina gero' erantzun zidan eta isildu zen. Ikasketa prozesu bat izan da hau niretzat, eta saiatu naiz, hanka sartuz beti, konturatzen nigan dauden hainbat inertziaz; egunero jo dut harriaren kontra.

 • 'Nik ez nuke hitz egin nahi halako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako nire begien aurrean aplikatzen ari naizena", dio Ibrahimak liburuan. Nola kudeatu duzu hori idazle moduan?
Zalantza handia izan dut egiten ari nintzen hori zinez egokia zen. Eta orain errazagoa da esatea, baina garai hartan ez genekien liburu moduan zer forma hartuko zuen, eta are gutxiago zer bide egingo zuen. Laguntzeko ahalegin horretan, duda handiak sortu zitzaizkidan. Ni kontziente nintzen gogoratzeko eta kontatzeko egiten ari zen ariketa horretan sufritzen ari zela eta behin baino gehiagotan esan nion 'utzi, Ibrahima, utzi', baina halakoetan berak erakutsi zuen indarra segitzeko. Uste dut zentzu bat ikusi ziola ariketari eta indarra atera zuela beretzat erraza ez zena egiteko. Zein den zentzu hori zehazki? Horri berak erantzun beharko lioke.