Zazpigarren urteurrenaren harira, zapaturako hainbat ekimen prestatu dituzte, eta bailarako pentsiodunen taldeak batuko dira Eibarren. 12:00etan, eskualde mailako manifestazioa egingo dute Eibarko Untzaga plazatik abiatuta, eta, manifestazioaren ondoren, nahi duenarentzat, Errebal Plazia eraikinean herri-bazkaria egongo da. Txartelak salgai daude, 15 euroan, Guridi tabernan. Eibarko Pentsionisten Taldetik eskualdeko herritar guztiak deitu dituzte zapatuko manifestaziora eta Elgoibarko Pentsiodunen Taldeak bat egin du deialdiarekin.
Sinadura bilketa
Pentsiodunen mugimendukoak iazko irailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadurak batzen hasi dira, ekimen hori Lebebiltzarrean bertan eztabaidatu eta bozkatu dezaten 10.000 sinadura aurkezteko eskatu diete eta. Ekimen horrek aurrera egitea benetan garrantzitsua dela nabarmendu dute sustatzaileek, eta herritar guztiak animatu dituzte sinatzera.
18 urtetik gorako herritar guztiek dute Herri Ekimen Legegilea sinaduraz babesteko aukera. Apirilaren 24ra arte jasoko dituzte sinadurak. Herri Ekimen Legegilea urriaren 30ean eramango dute Eusko Legebiltzarreko Mahaira.
Bereziki emakume pentsiodunen diru-sarrerak hobetuko ditu HEL berriak. "EAEn, hiru pentsiodunetik batek LGStik beherako diru-sarrerak ditu, eta % 70 emakumeak dira; gehienek 850€ baino gutxiago irabazten dute hilean, eta kopuru hori ez da nahikoa duintasunez bizitzeko. Lan-diskriminazioak eta adingabeen eta mendeko senideen zaintza-lanetan aritzeak azaltzen dute zergatik dituzten emakume pentsiodunek diru-sarrera txikienak", jaso dute Legebiltzarreko prentsa-aretoan egindako aurkezpenean.
Pentsionista bakoitzak pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat hartzeko eskubidea izatea ere planteatzen dute. "Pentsioen osagarria bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek baldintzatzen dutenean, barne-desberdintasunik ez balego bezala, emakumea zigortu egiten da eta desagerrarazi beharreko sostengatzaile maskulinoa eta mendeko bikotea duen familiaren kontzeptua indartzen da".