Apaiz ordenatu eta hilabetera etorri zen Xabier Gomez Elgoibarrera, 1994an. Joxin Arregi apaizari laguntzera eta San Bartolome parrokiako betebeharretan laguntzera etorri zen (ikus urte hartako BARRENen azalean). Une hartan Benantzio Otaegi zen parrokoa eta Maalako elizako arduraduna zen Jose Luis Belloso. Joxin Arregi, berriz, parrokiko lanez gain, zenbait auzotako eukaristiez arduratzen zen. Hau da, lau apaiz zeuden Elgoibarren. Elgoibarko egonaldiaren ostean, Gomezek ikasketetan sakontzea erabaki zuen eta Teologian lizentziatu zen Salamankan, San Esteban fakultatean. Familia bitartekotzan eta orientazioan Master bat ere egin zuen Salamankako pontifize unibertsitatean (UPSAL) eta Kulturarteko Gizarte Bitartekotzan Espezialista ikasketak ere egin zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
2003an Dominikoen ordenan sartu zen, eta Madrilgo Nuestra Señora de Atocha komentuko bikarioa izan zen denbora batez. 2016tik 2018ra bitartean Madrilgo Tomas Akinokoa komentuko bikarioa izan zen, eta Bartzelonako Santa Catalina komentuko prior izendatu zuten 2016tik 2018ra.
Azken urteetan hainbat kargu eduki ditu. Europan justizia eta bakea sustatzeko arduradun izendatu zuten 2016an. Kargurik garrantzitsuena, baina, 2021etik Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendari izan dela izan da, eta orain erronka berri bati ekingo dio, Sant Feliu de Llobregateko gotzain izendatu baitzuten ofizialki azaroaren 30ean. 2004an sortu zuten Kataluniako elizbarruti hori eta bigarren gotzaina izango da azkoitiarra, Agusti Cortes ordezkatuz. (Gomezek gotzain-ordenazioan esandako berbak, bideoan)
Gomezen ustez, gotzain batek Jesusen ikasle izan behar du, jarraitzaile sutsua, zentzuduna, bere herriarekiko gertukoa, zerbitzaria, otoitzean aritua eta baztertuen eta beharra dutenen laguna. Gotzain aukeratzearen arrazoiei dagokienez, uste du nolabaiteko mugalari bat dela, "banatzen gaituena baino elkartzen gaituenaren bilatzailea. Kristau fedea eta gaur egungo mundua elkarrizketan jartzen saiatzen naiz. Beraz, esango nuke hori hartu dutela kontuan".
Ikus hemen Azkoitia Guka toki komunikabideak Xabier Gomezi egin dion elkarrizketa.