Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatu zituzten, urtarrilaren 3an, Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako eskuz banakako finalak, kadete, jubenil eta nagusien mailakoak. Jubenil kategoriako Lehen Mailako finalean Iker Izagirrek (Lapke, Lazkao) eta Manex IOlaizek (Oiarpe, Oiartzun) jokatu zuten elkarren aurka, eta Izagirre gailendu zen 22-9ko emaitzarekin. Partida erdialdera arte parekatua izan zen finala baina bigarren zatian aurkariari gain hartu zion Lazkaoko Lapke taldean diharduen pilotari elgoibartarrak. Sakean eta sake-errematean oinarritu zuen bere jokoa Izagirrek eta tanto mordoxka egin zituen era horretan.
San Anton Txapelketan debuta
Izagirrek San Anton Pilota Txapelketako finalerdietako bat jokatuko du bariku honetan, urtarrilaren 10ean, 19:00etatik aurrera, Ikastolako frontoian. Promesa mailan ariko da Sotilekin bikotea osatuz, eta Ibarluzea eta Santesteban izango dituzte aurkari. Nagusien bigarren finalaurrekoan, Irribarriak eta Lozak Apezetxearen eta Bernaolaren aurka jokatuko dute.
Lehen finalerdietako emaitzak
Joan zen barikuan, urarrilaren 3an, jokatu zituzten txapelketako lehen finalerdiak. Promesetan, Ramirezek eta Leonetek osatutako bikotea sailkatu zen finalerako, Ibarrari eta Elorzi 22-15 irabazita. Nagusien mailan Rekaldek eta Lasak 22-8 irabazi zioten Apaolazari eta Albenizezi.
Manex Irureta txapeldunorde
Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketako eskuz banakako finalak jokatu zituzten abenduaren 29an Arrasateko Uarkape pilotalekuan, eta 1. mailako alebinetan, mendebaldekoetan, Lagunak Pilota Eskolako kide Manex Irureta Arakistain ailegatu zen finalera, baina ezin izan zuen txapela irabazi. Ilunpe taldeklo Janitz Goenagak irabazi zion finala 8-4 eta 8-2ko emaitzarekin.
Manex Irureta, eskuinean. Arg: Laguna Pilota Eskola.