Aldaketak San Anton pilota txapelketan

Barren 2025ko urt. 3a, 13:48

Goiuri Zabaleta pilotari leitzarra iazko finalean. BARREN

Gaur, hilak 3, jokatuko dituzten finalerdiekin hasiko da San Anton Pilota Txapelketaren 32. edizioa. Azken orduko zenbait aldaketa egon direla jakinarazi dute Lagunak pilota eskolatik.

Batetik, "azken orduko arazoengatik", iragarrita zituzten finalerdiak bertan behera laga eta Emakumeen Lau t’erdiko txapelketako hirugarren edizioan finala bakarrik jokatuko dela azaldu dute. Iaz txapeldunorde izan zen Goiuri Zabaletak eta Amaia Aldaik jokatuko dute finala San Anton Egunean, urtarrilaren 17an, 19:00etatik aurrera.

Hortaz, gaur, gizonezkoen promesa eta nagusien mailako lehen bi finalerdiak bakarrik jokatuko dituzte Ikastolako frontoian, 19:00etatik aurrera, hasiera ordua aurreratu baitute aurten, pilotalekura zale gehiago joaten den ikusteko.
Promesetan, Muruak eta Elorzek osatutako bikoteak Etxeberria eta Leonet izango du aurkari. 
Nagusietan, Rekaldek eta Landfak Egigurenen eta Albenizen aurka jokatuko dute.

Iker Izagirre pilotari elgoibartarrak urtarrilaren 10eko finalerdietan jokatuko du, Sotil atzelariarekin batera, promesa mailako lehian. Ibarluzea eta Santesteban izango dituzte aurkari.
Nagusien bigarren finalaurrekoan, Irribarriak eta Lozak Apezetxearen eta Bernaolaren aurka jokatuko dute.