Tenperatura hotza egiten zuen arren, ikusle dezente gerturatu ziren Ikastolako frontoira San Anton Torneoko finalak ikustera. Tamalez, kantxan baino giro eta emozio handiagoa egon zen harmailetan, hirutik bi final kolore bakarrekoak izan baitziren.Animazio handia egon zen harmailetan, goiko aldean bereziki, han zeuden zale gazteenak kantuan eta bullaka aritu baitziren pilota jaialdi guztian zehar.
Lehen finala izan zen gaueko parekatuena, Goiuri Zabaletak (Leitza, 2009) eta Leire Garaik (Gasteiz, 2003) kaiolan jokatu zutena. 14 urte besterik ez dituen arren, Zabaletak estu hartu zuen Garai. Lehia polita eduki zuten eta aurreko koadroetan jokaldi aipagarri bat edo beste ere laga zuten. Zaramaga taldeko Garai gasteiztarrak 22-15 irabazi zion Aurrera taldeko Zabaleta leitzarrari. Lagunak Pilota Eskolak bigarrengoz antolatu du emakumeen Lau t’erdiko txapelketa. Miriam Arrillagak estreinatu zuen palmaresa iazkoan.
• Apezetxea eta Landa nagusi promesetan
Gizonezkoen promesa mailako finalistak kantxaratu ziren gero. Ibarluzearekin batera Canseco zen finala jokatzekoa, baina ezin izan zuen eta Iker Garciak jokatu zuen bere ordez. Apezetxea etak Landak osatutako bikotea izan zuten aurkari, era azken horiek gailendu ziren, 22-11ko emaitzarekin. Oiartzungo Oiarpe taldeko pilotaria den Unax Landa aurrelaria aukeratu zuten finaleko jokalaririk onena. Nagusi izan zen aurreko koadroetan, Apezetxea goizuetarra atzekoetan izan zen moduan. Markagailua izan zen Apezetxearen eta Landaren nagusitasunaren erakusgarri: 2-7 aurreratu ziren, 8-15 gero eta 22-11 azkenik.
• Kolore bakarra nagusien finalean
Nagusien mailan, Javier Oskoz (Lanz, 2001) nafarrak eta Markel Lizeaga hernaniarrak osatutako bikoteak erakustaldia eman zuten eta sei tantotan laga zituzten Josu Igoa eta Antton Apezetxea pilotari nafarrak. Oberena taldeko Josu Igoa aurrelariak 2022ko San Anton txapelketa irabazi zuen arren, oraingo honetan amore eman behar izan zuen Lizeagarekin izan zuen aurrez aurekoan. Horrez gain, ohi baino pilota gehiago galdu zituen Antton Apezetxeak, gutxi galtzen dituelako nabarmentzen den atzelari goizuetarra.
Lagunak Pilota Eskolako zuzendari Aitor Berguak Antonio Azpiazu zena ekarri zuen gogora sari banaketa ekitaldia hasi aurrean, txapelketako 30 ekitaldietan laguntzaile eta antolatzaile izan baitzen joan den irailean hil zen Azpiazu.
ARGAZKI-BILDUMA: San Anton Pilota Txapelketako finalak, irudietan