80 postu baino gehiago jarriko dituzte aurten Elgoibarko Gabon Zahar azokan

Barren 2024ko abe. 27a, 11:01

Urteko azken zapatuan, abenduaren 28an, egingo da Elgoibarren Gabon Zahar azoka, eta aurten 80 salmenta postu baino gehiago izango direla aurreratu dute Elgoibarko Udaletik. 

08:30ean zabalduko dute azoka, eta Kalegoen plaza eta inguruak ere hartuko ditu, Giza Eskubideen parkean, Aita Agirre plazan, Kalebarrenen eta Pedro Miguel Urruzuno kalean ere izango delako zer dastatu eta ikusia. Hasteko, 09:00etan zabalduko dute parrokiako jaiotza, parrokiako kaperan, eta 10:00etan kalejiran abiatuko dira Baltzola eta Lagunak taldeko trikitilariak. 10:00etatik 14:30era, berriz, Maalan izango dira ArTalde taldeko artisauak, euren produktuak saltzen, eta 11:30etatik aurrera, baina Kalebarren plazan, Eusko Labeldun saiheski pintxoak salduko dituzte Elgoibar ikastolakoek, Armueta, Patxi eta Ziarda herriko harategien jeneroarekin egindakoak.
Azokaren bueltan, baina, beste hainbat jarduera ere egingo dira, tartean lehiaketak eta ikuskizunak. Hala, 12:00etan, urteko gaztarik onena zein izan den aukeratuko dute. Kalamua Elkarteak antolatzen du sariketa. Ondoren, 12:30ean, Inazio Bereziartua Dantza eta Musika Eskolak antolatuta, Plazara Dantzara erromeria egingo dute Lekueder parkean, eta 13:00etan, udaletxean, osoko bilkuren aretoan, bertso saioa egingo dute bertsolariek, barazki, fruta eta gazta lehiaketako sariak banatzeari ekin aurretik.

Arratsalde-iluntzean, 19:00etatik aurrera, Kittu taldekoak ibiliko dira kaleak girotzen. Kantuan eta dantzan, poteoak, bazkalosteak eta afalosteak girotzen abilak dira Kittukoak eta kalez kale ibiliko dira abenduaren 28an, kantu zaharrak eta gaur egungoak joz. 

Hamahiru ekoizle lehiatuko dira Gabon Zahar azokako fruta eta barazkien lehiaketan 
Nekazaritza ustiategiko txartela duten ekoizleek parte hartu dezakete lehiaketan, eta Udalak 1.700 euro banatuko ditu guztira saritan: Barazkien eta fruten kategoriako posturik onenak 600 euro jasoko ditu; Benekotasunaren eta Berrikuntzaren saria eskuratzen duenak beste horrenbesteko saria jasoko du, eta epaimahaiaren ustez, mendiak ondoen zainduta dituen baserritarrak, berriz, 500 euro eskuratuko ditu.
Udaletik jakinarazi dute lehiaketan parte hartzeko baldintza betetzen duten ekoizleek 150na euro jasoko dutela parte hartzeagatik eta "kalitate eta barietateagatik" nabarmentzen diren bederatzi erakusmahaik beste 250na euro jasoko dutela. Baserritarrak 06:00etan hasi ahalko dira beren erakusmahaia gertatzen eta 09:00etan hasiko dira epaimahaikideak mahairik mahai pasatzen.

GABON ZAHAR FERIA (abenduak 28, zapatua) 

08:30etik 14:30era:

  • Kalegoen plazan: barazki eta frutaerakusketa, lehiaketa eta salmenta.
  • Elizpean: bertako produktuen erakusketa eta salmenta. Gazta eta eztia.
  • Aita Agirre plazan: bertako produktuen, lanabesen eta landareen erakusketa eta salmenta.
  • Giza Eskubideen parkean: bertako produktuen erakusketa eta salmenta.
  • Bolatokiko parkean, Lekuederren eta Kalebarren plazan: hainbat abereren erakusketa eta bertako produktuen salmenta.
  • Pedro Migel Urruzunon: burdineria eta nekazaritza-makineria.

09:00etatik 20:00etara: Parrokiako Jaiotza, parrokiako kaperan.
10:00etatik aurrera: Baltzola eta lagunak trikitilarien kalejira.
10:00etatik 14:30era: Elgoibarko Artalde taldeko artisauen erakusketa eta salmenta, Maalako parkean.
11:30etik aurrera: Elgoibar Ikastolak, Eusko Labela duten harakinen laguntzarekin (Armueta, Patxi eta Ziarda), labeldun saiheski pintxoak eskainiko ditu, Kalebarren plazan.
12:00etan: Urteko Gazta onena aukeratzeko XVI. Txapelketa: Elgoibarko Gabon Zahar Saria 2024 Udaletxeko Areto Nagusian, Kalamua Elkarteak antolatuta. Lehiaketak irauten duen bitartean, areto nagusian, bertsolarien jardunaldia.
12:30ean: Lekueder parkean, Plazara dantzara erromeria. I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.
13:00etan: Bertsolariak udaletxeko areto nagusian.
13:30ean: Udaletxeko areto nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketa.
19:00etan: Kittu taldeak herriko kaleak girotuko ditu. Irteera: Kalegoen plazatik.