Gazta, haragia, eztia, etxeko ogia, barazki freskoak eta sasoiko frutak, eta horien ekoizpenean diharduten pertsonak ezagutzeko eta euren lana balioan jartzeko aukera ematen duen argitalpena dela gida azaldu du Elgoibarko Udalak. "Egiten duten ahaleginarekin, elikagai freskoak eta kalitatezkoak ekoizteaz gain, inguruko biodibertsitatea, kultura eta tradizioak babesten dituzte. Gainera, tokiko produktuak erosteak, ingurumenaren ongizateari lagundu, eta herriko ehun ekonomiko eta soziala indartzen du", adierazi dute.
Gidan ekoizle bakoitzaren fitxak ageri dira, eskaintzen dituzten produktuen, salmenta modalitateen (zuzenean, azoketan, tokiko dendetan edo sarean) eta harremanetarako datuekin. Gida formatu fisikoan dago eskuragarri, eta herriko etxebizitza guztietan banatzeko asmoa dute. Formatu digitalean ere sortu eta zabaldu dute (https://elgoibar.eus/baserritar-ekoizleak/).
Honela ageri dira herriko ekoizleak Tokiko Ekoizleen Gidan:
- Arrizabalaga Harategia. Etxeko haragitan eta plater prestatuetan espezializatuak. Kalitate handiko tokiko produktuak eskaintzen dituzte, arreta handiz eta errezeta tradizionalei jarraituz eginak. Zuzeneko salmenta eta komunitatetik gertu dagoena.
- Lizasagar Sagartokixa. Biodibertsitatearekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako ekoizle gazteak. 2.500 sagar-zuhaitz landatzen dituzte bertako barietateekin, eta sagarretik eratorritako produktu ekologikoak ekoizten dituzte eskuz. Azoketan, online eta etxez etxeko zerbitzuan saltzen dute.
- Beraseta Ekologikoak. Ekoizpen ekologikoa eta dibertsifikazioa uztartzen dituen baserria. Aire zabaleko baratzeak, negutegiak eta behiak eta ahuntzak bezalako abereak dituzte. Berdurak, haragia eta bertako produktuak eskaintzen dituzte, ekosistemaren eta kontsumitzaileen osasuna zainduz.
- Txillarre Ekodenda. Baserri txikia Sallobente-Ermuaranen, barazki eta arrautza freskoak saltzen dituena. Sasoiko produktu ekologikoak eskaintzen dituzte, egunero biltzen dituztenak, freskotasuna eta kalitatea bermatzeko.
- Armueta Harategia. Kalitate eta tradizio erreferentea Elgoibarren. Tokiko ekoizpenarekin eta ekoizpen iraunkorrarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dira, beren baserrian hazitako kalitate handiko haragia eskainiz.
- Ziarda Harategia. Errezeta tradizionalekiko errespetua eta bertako osagai freskoak uztartzen dituen harategi familiarra. Etxeko haragia eta plater prestatuen aukeraketa eskaintzen dute, betiere kalitate estandar altuak mantenduz.
- Basueta. Barazki, sagar, arrautza, arkume eta txahal haragiaren ekoizleak. Animalien ongizatea eta ingurumena zaintzen dituzte, baratzean landutako eta baserrian hazitako kalitate handiko produktuak eskaintzen dituzten bitartean.
- Zortziko Erlauntza. Erlezaintza zaletasun gisa hasi zuten, eta orain eztia, propolia eta erleen beste deribatu batzuk ekoizten dituzte. Prozesu osoa eskuz kudeatzen dute, kalitatezko produktu natural bat bermatuz.
- Aozar Baserria. Oilaskoa eta txerria saltzen dituen baserria. Dibertsifikazioan eta kalitatean duten ikuspegiagatik nabarmentzen dira. Kooperatibekin lankidetzan aritzen dira beren produktuak merkaturatzeko eta prozesu jasangarriak bermatzeko.
- Mausitxa. Gaztagintzan zortzi belaunaldiko esperientzia duen baserria. Gazta modu tradizionalean egiten dute, teknologia modernoa erabiliz. Behiak eta behorrak ere hazten dituzte, kalitatezko etxeko haragia eskaintzeko.
- Zeleta Negutegiak. Metodo hidroponiko eta ekologikoen bidez barazkiak eta landareak landatzen espezializatuak. Prozesu osoa eskuz egiten dute, hazitegitik hasi eta banaketaraino, produktu naturalak eta freskoak eskainiz.
- Lizundia Txabola. Frutak eta barazkiak landatzeko tradizio familiarra duen baserria. Etengabe modernizatzen dituzte beren metodoak produktuen aniztasuna handitzeko eta freskotasuna eta kalitatea bermatzeko, ingurunea errespetatuz.
- Azkarate - YOM. Artisau-okindegia da, eta legamiarik gabeko ogia ekoizten du lau barietatetan: zuria, integrala, arto beltza eta zekalea. Ogia ore amarekin egiten dute, eta produktu bakoitzaren kalitateagatik eta mimoagatik nabarmentzen dira.
Erosketa-kapazoak
Gidarekin batera, erosketa-kapazoak izeneko ekimena ere jarri dute abian, 'Bizi, Maitatu, Egin Elgoibar' lelopean, ekoizleen produktuak zuzenean beraiengandik eskuratu ahal izateko.
Era berean, sustapen-kanpaina bat egingo dute tokiko ekoizleei erosketak egitera animatzeko, kartelekin, promozio-bideoekin eta publizitatearekin. Elgoibarko Udaleko arduradunek aurreratu dute 2025ean tokiko kontsumoa eta KM0 kontsumoa sustatzen jarraitzeko asmoa dutela, baserritarren eta tokiko ekoizleen erosketa-bonuen bidez.