Ordutegi berria eta herriko pilotari bat San Anton pilota Txapelketan

Barren 2024ko abe. 20a, 09:31

Lagunak Pilota Eskolak antolatuta, San Anton Pilota txapelketa jokatuko dute urte hasieran Ikastolako frontoian, eta berrikuntzekin dator aurten.

Batetik partiden ordua aurreratzea erabaki dute antolatzaileek, eta 21:30ean beharrean 19:00etan hasiko dira pilota partidak. Ordua aldatuta pilotalekura jende gehiago datorren ikusi nahi dute Lagunak taldekoek.
Bestetik, herriko pilotazaleak frontoira gerturatzeko bigarren arrazoi bat ere egongo da aurtengo ekitaldian, afizionatu mailan emaitza apartak lortzen ari den Iker Izagirre elgoibartarra izango baita promesa mailan lehiatuko diren pilotarietako bat. 

Urtarrilaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte finalerdiak eta San Anton Egunean izango da finala. 2023an hasitako bidetik, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketak izango ditu aurten ere San Anton Pilota txapelketaren 32. ekitaldiak.

Emakumeen Lau t’erdiko txapelketako hirugarren edizioan Etxegaraik Arrizabalagaren aurka jokatuko du lehen finalaurrekoa, urtarrilaren 3an, eta Zabaletak Aldairen aurka bigarrengoa, urtarrilaren 10ean.
Iker Izagirrek Elorz izango du bikotekide promesa kategorian, eta lehen finalaurrekoan lehiatuko dira, Etxeberriak eta Leonetek osatutako bikotearen aurka.  

Iazkoan torneoan Leire Garai gasteiztarrak irabazi zuen lau eta erdiko finala eta Apezetxea-Landa eta Oskoz-Lizeaga gailendu ziren bikotekako lehietan.