Paisajeak izango dira nagusi Gemma Monreal margolari elgoibartarraren azken erakusketan

Barren 2024ko abe. 16a, 18:01

Hiru urte pasatu dira Gemma Monrealek Elgoibarren egin zuen azken erakusketatik, eta orain, "erakusketa desberdin" batekin dator, artistak berak adierazi duenez. Orain arte marraztu izan dituen etxe, kale, herrixka eta baserriak alde batera utzi, eta paisajeetan aurkitu du inspirazioa. 

Udaberria, udazkena, negua eta uda islatu ditu bere koadroetan, eta bereziki, natura izango da protagonista. Argazkietatik abiatuta sortzen ditu koadroak, baina irudi batzuk bere erara moldatzen ditu, gustuko ez dituen elementuak kenduz eta beharrezko jotzen dituenak gehituz.

Urederrako ingurunea margotu du koadro batean, Iratiko basoak, bere irudimenean sortu dituen beste hainbat baso... Beste fase batean sartuta dago orain, eta hala erakutsiko du bere koadroetan. 34 artelan jarriko ditu ikusgai, eta bik ez beste guztiek naturarekin dute zerikusia. Tamaina desberdinetakoak izango dira koadroak. Udaberriari lotutako koadro txiki batzuk egongo dira "oso kuriosoak", ertainak eta handiak ere bai eta sarreran 1,70x80 inguko koadro handi bat jarriko du ikusgai.

Espatularen teknika erabilita sortu ditu lan guztiak, baina koadro batzuetan erliebezko pasta bat erabili du bolumena emateko. Esperimentatzen ari da. Koloreekin ere jolastu du, eta aurreko lanekin alderatuta kolore gehiago erabili ditu. Udazkena irudikatzen duten koadroetan berari hainbeste gustatzen zaizkion marroi eta urre koloreak nagusitzen dira, berde eta gorri tonu suabeekin. Udaberrian, aldiz, koloreak biziagoak dira, berde fuerteak, batez ere.

"Ilusio handiz" sortu du azken bilduma hau, eta herriari erakusteko irrikaz dago. Margo eskolak emateari laga bazion ere, Gemma Monrealek margotzen jarraitzen du. Azken bi urteotan ia egunero margotu du, azken urtean bereziki, eta bata bestearen atzetik sortu ditu koadroak. Estudiora joaten da margotzera, eta dio hango umeen barre algara artean etortzen zaiola inspirazioa. "Gutxi dira isiltasunean eta bakardadean margotutako koadroak, gehienetan alaitasuna nabari da".

Bizitzeko margotzea behar du, eta margotzeak ematen dio bizia. Doan lekura doala, bere zirriborroen koadernoa hartuta joaten da, inspirazioa edozein unetan etorri dakiokeelako. Etengabe aritzen da apunteak hartzen, intereseko elementuak marrazten edota parean ikusten duenaren zirriborroa egiten. Ez du egun bat pasatzen marraztu gabe, "geldiezina" da eta azkenaldian inspirazioz beterik dabil.
Abenduaren 21era arte egungo dira ikusgai Monrealen koadroekin osatutako erakusketa, Kultur Etxeko erakusketa gelan.