Uxue Alberdik eta Miren Amurizak euren azken lanak aurkeztuko dituzte Pitxintxun

Barren 2024ko abe. 17a, 15:10

Miren Amuriza eta Uxue Alberdi 'Belarriko Kilkerra' liburua aurkezteko 2023an Pitxintxun eginiko ekitaldian.

Durangoko Azokaren programazioaren barruan, aurtengo nobedadeak aurkeztuko dituzte hainbat herritako liburu-dendetan, Zu non, han da izenburupean. Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendan izango da horietako aurkezpen bat, gaur.

Uxue Alberdi eta Miren Amuriza idazleak izango dira gaur Pitxintxun, beraien azken lanak aurkezten. Hetero liburuaz mintzatuko da Alberdi, eta Pleibak aurkeztuko du Amurizak. Zenbait pasarte ere irakurriko dituzte eta liburuak sinatuko dituzte amaieran. 19:00etan izango da.

Bi sortzaileek 2023ko urrian ere bat egin zuten Pitxintxun, elgoibartarraren Belarriko kilkerra liburua aurkezteko ekitaldia gidatu baitzuen Amurizak. Oraingoan, Zu non, han da ekimenaren baitan etorriko dira. 2024an aurkeztutako nobedadeak eskuratzeko aukera ematen die Durangoko Azokak lurraldeko denda guzti-guztiei. Euskal kultur-kontsumoa zein zaletasuna sustatzeko kanpainara batutako liburu dendek azokako
bereizgarri bat eta nobedade sorta bat jasotzen dute beren erakusleihoetan jartzeko, eta kanpaina horrekin bat egin dute Elgoibarko Pitxintxu opari eta liburu dendak eta Mendaroko Morroskillok.

Alberdik joan den urrian kaleratu zuen bere hirugarren narrazio liburua den Hetero (Susa). Liburua osatzen duten zortzi ipuinak askotarikoak dira bai teknika eta ahots narratiboen aldetik, bai kontamoldez, egituraz, musikaz, erritmoz eta ikuspuntuz ere, baina sakonean badago konpartitzen duten irrika bat eta zauri bat, idazlearen beraren hitzetan. Pitxintxun emango du horien berri.

Pleibak (Susa), berriz, Amurizak kaleratu duen bigarren nobela da.