Hetero izenburua eman dio Uxue Albedik liburuari, Alain Urrutiaren margolan bat da azala, Susa argitaletxearekin argitaratu du eta atzo aurkeztu zuen Donostian.
Hetero osatzen duten zortzi ipuinak askotarikoak dira bai teknika eta ahots narratiboen aldetik, bai kontamoldez, egituraz, musikaz, erritmoz eta ikuspuntuz ere, baina sakonean badago konpartitzen duten irrika bat eta zauri bat, idazlearen beraren hitzetan. Alberdik zehaztu du ez dela ideia baten edo gai baten bueltan idatzitako bilduma bat, barruak eskatu ahala sortutako ipuinak direlako, baina ordena heteropatriarkalaren barruan mugitzen dira zortzi ipuinak eta ipuinetako pertsonaiak: "Protagonistak ez daude eroso ipuinaren barruan, baina ez dute jokoa uzten. Botere-estruktura eta estruktura psikologiko desigual horren barruan maitatzen eta desiratzen dute; espektatibak dauzkate, eta zapuztu egiten zaizkie; baldintzapeko askatasunean mugitzen dira".
McKenzie Warke idazle australiarraren berbak erabilita zioen hetero izateaz baino, hetero jarduteaz pentsatu beharko genukeela eta ohartu beharko genukeela noiz ari garen hetero. Bestera esanda, gizontasuna eta emakumetasuna heteroki okupatzeko moduak marrazten dira ipuinetan, beren bertsio ekonomiko, politiko, erotiko eta kulturaletan.