Xake azkarreko bi txapelketa antolatu zituen Zubi Ondo Xake taldeak domekarako, eta xakelari ugari batu zen taldearen egoitzan jokatu zituzten lehietara. Tomas Conderen oroimenezko Createch Medical taldekako txapelketa jokatu zuten goizean eta Santurtzi Xake Taldea gailendu zen, 28 puntu batuta. Barakaldoko taldea izan zen txapeldunorde 26,5 punturekin eta Abadiñokoa sailkatu zen hirugarren, 25 punturekin. Bizkaia aldeko hiru taldeen ostean sailkatu zen etxeko taldea, Createch Medical, 24 puntu batuta, eta pozik dira podiumeko hirugarren postua lortzetik puntu bakarrera gelditu eta gero. Toki askotatik etorritako hamabi talde aritu ziren lehian.
Banakoan Denis Zubizarreta santurtziarra irabazle
Taldekakoa jokatu zuten leku berean jokatu zuten banakako Createch Medical txapelketa, arratsaldean. 42 xakelarik hartu zuten parte eta 9 errondako lehiaren ostean, Santurtzi Xake Taldeko kideak nabarmendu ziren, goizean moduan, lehen bi postuak eskuratuta. Denis Zubizarreta izan zen onena, 7,5 punturekin eta bere taldekide Iker Santos sailkatu zen bigarren postuan, 7 punturekin. Hirugarren postua Gros taldeko Alexander Larrañagarentzat izan zen. Lehen elgoibartarra Markel Kerexeta izan zen. Bost punturekin 16. postuan sailkatu zen.
Bi txapelketetan erakutsi duten nagusitasunaren aurrean, Santurtxi Xake Taldekoek egiten duten lana goraipatu dute Zubi Ondo taldekoek. "Lan handia egiten duzue euskal xakearen alde, ikusi besterik ez dago zuen lanaren fruitua, alde handiaz irabazi duzue-eta Elgoibarren, bai taldeka eta baita bakarkako lehian ere". Hitz eta laudorioak eskertu dituzte santurtziarrek eta Elgoibarren etxean moduan sentitu zirela erantzun diete Zubi Ondokoei.
29 partaide gaztetxoen txapelketan
Eskola Kiroleko Xake txapelketa jokatu zuten zapatuan Zubi Ondo taldearen lokalean. 29 gaztetxo aritu ziren lehian eta Paul Mekolalde (LH5-LH6 adin tartean), Ian Muñoz (LH3-LH4 adin tartean) eta Imran Karzazi (LH1-LH2 adin tartean) izan ziren onenak.
Hona hiru txapelketetako irudiak, Zubi Ondo taldekoen argazkietan: