Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Udal Liburutegian jarri dituzte bi zuhaitz solidario, eta abenduaren 21era arte egongo da zuhaitz horietan opariak lagatzeko aukera.
Zuhaitzetan etxetxo formako apaingarriak daude, eta barruan sartu dituzte kanpainari buruzko argibideak eta baita ume bakoitzari buruzko ezaugarriak ere. Jostailu sexista eta belikoak ez emateko eskatu dute antolatzaileek.
Parte hartzeko pausoak zehaztu dituzte antolatzaileek, honako hauek:
- Hurbildu 'Gabonetako zuhaitz solidarioak' dauden lekura eta aukeratu apaingarri bat.
- Erosi opari berri bat, sexistak edo belikoak direnak saihestuz, eta, ahal dela, aukeratu jolas sinbolikoa sustatzen duten jostailuak, apaindura-txartelean aurkituko dituzun jarraibideen arabera.
- Idatzi dagokion kodea oparian.
- 'Gabonetako Zuhaitz Solidariora' itzuli eta oparia han laga.
Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte herritar guztiak.