Enpresako beharginek mobilizazioak hasi zituzten azaroaren erdi aldera, lan ituna berritzeko zuzendaritzarekin zituzten negoziazioek emaitzarik eman ez zutela jakinarazi eta gero. LAB sindikatuak azaldu duenez, joan den barikuan lan ituna berritzeko proposamena aurkeztu zien enpresako zuzendaritzak beharginei, eta horiek proposamena onartzea erabaki zuten astelehenean egin zuten langileen batzarrean. Beharginek "blokeo" egoera askatzeko hiru astez egin dituzten mobilizazioek eragin zuzena eduki dutela diote LABeko ordezkariek, euren ustez protestak izan baitziren "irtenbide bakarra" negoziaziorako ate guztiak itxita zeudenean.
Aipaturiko protesta ekintzen ondorioz beharginek eskuratu dituzten hobekuntzak zerrendatu ditu LABek. "Batetik, langileek antolatzeko eta borrokarako duten aukera aho batez babestu dute. Horrekin batera, zuzendaritza negoziazio mahaira ekarri dute bueltan, eta etorkizunean lan baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko enpresan negoziatzeko eskubideari ateak zabaldu dizkiote. Era berean, enpresak aurkeztutakoa baino lan egutegi duinagoa adostu dute negoziazioetan; eta, azkenik, Gipuzkoako Metalaren hitzarmena hobetzen duen lan-ituna adostu eta sinatu dute enpresako zuzendaritzarekin".