Amorantek Elgoibarren itxiko du 'Harri, Herri, Har' diskoaren aurkezpen bira

Barren 2024ko abe. 10a, 13:35

Iban Urizar 'Amorante'. Argazkia: Jon Garate.

Iban Urizar Amorantek Harri, Herri, Har diskoaren aurkezpen biraren amaierako kontzertua emango du barikuan, hilak 13, Elgoibarren. 

Elgoibarko Herriko Antzokian izango da kontzertua, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude Herriko Antzokiaren webgunean (herrikoantzokia.eus), 10 euroan (Gazte txartelaren jabe direnentzat eta 65 urtez gorakoentzat 3na euroan).
Urizarrek aitortu du etxean jotzeak baduela erronkatik, baina ilusio handiz igoko dela Herriko Antzokira oholtzara, bai eta urduritasun puntu batekin ere, etxekoen eta lagunen aurrean jotzea beti delako berezia. Euskal Herrian eta estatuan zehar ibili da biran Amorante eta zorioneko sentitzen da, kontzertu sorta handia eman duelako. Ziklo bat amaitzen duela ere zehaztu du, eta datorren urterako sormen-lan berriak izango direla aurreratu du.