Gerora, 'Habanera' bideoklipa ere eman du argitara Arriguri Filmaken eskutik, iruditeria eta estetika zaindu batekin.
• Belarri kontuak dira gurean azkenaldian. 'Belarriko kilkerra' liburua eman du argitara Uxue Alberdik, eta belarritik atera nahian ari den harra dakar zure azken lanak azalean. Zer biltzen du irudi horrek? Zer doinu eta melodia dakar kanpora harrak?
Angloek erabiltzen duten earworn izeneko kontzeptuari egiten dio erreferentzia belarriko harraren irudiak. Abesti bat barrura sartu eta atera ezinda dabiltzanean erabiltzen dute kontzeptu hori. Niri askotan pasatzen zait hori, nola gorroto ditudan melodia batzuekin, hala neure kantuekin. Izenburuko har horri egiten dio erreferentzia azaleko irudiak, baina izenburuko hitz-jokoan badaude beste bi hitz ere: harri eta herri. Euskal iruditerian harriak herria sinbolizatzen du. Eraikitzeko materiala da harria, balio dezakeena bidea markatzeko, denboraren gordailu izateko eta aukera ematen duena zizelkatu eta handik beste zerbait ateratzeko ere, iraungo duenak denboran eta iritsiko dena norabait, edo ez, uretara botatako harriak sortzen duen uhinarekin gertatzen den bezala. Hori da kantua niretzat. Eta herri hitzak erreferentzia egiten dio naizen horri. Herri batekoa naiz, eta ikuspegi horretatik sortu dut nik beti musika.
• Balio du harriak bidea markatzeko diozu. Zer bide markatu du edo markatu nahi du Amorantek?
Lengoaia propioaren bilaketa konstantean nabil ni, baina bila ari naizela ere bidean aurrera egiten ari naiz. Batzuetan gelditzen naiz bazterrean eta egoten naiz denbora gehiagoz begira, eta beste batzuetan, ibiliak berak eramaten nau nahi duen lekura. Gaur egun bide bat topatzeko Google mapsen begiratzen dugu eta horrek berak zaildu egiten digu bidetik aldentzea eta senak botatzen dizkigun seinaleei kasu egitea, baina ni saiatzen naiz horretan. Ez dakit nire ibilbidearen metaforatzat balio duen izenburuak, baina egiten dudan musikari erantzuten dio. Edo gutxienez, gustatzen zait pentsatzea hala dela.
• Kaxa handi batean kabitu daitekeen beste dago diskoan, baina oraingo hau, beharbada, elektronikoagoa da?
Bai, trajea aldatu dut. Traje zaharrak gustatzen zaizkit hitz berriekin, baina garai baten kronika egin gabe, eta gustatzen zait baita ere antzinako hitzak traje berriagoekin ematea, kasu honetan elektronika gehiagorekin. Motxila musikalean daramadanetik sortzen dut, eta nire motxila gero eta beteago dago hango eta hemengo musikaz, askotariko estiloez. Denon antzera ni ere aldatu naiz, baina gauza bati eusten diot: zuzenekoetarako sortzen dut eta horretarako behar dudan tresneria erabiltzen dut. Aurrekoarekin alderatuta, estetikoki elektronikoagoa da oraingo hau, bai, sintetizadoreak-eta sartu ditugulako, baina gero baditu oso akustikoak diren elementuak. Nolanahi ere, muinean jarraitzen du herri musika izaten egiten dudanak. Herri musika, zentzu zabal batean hartuta. Herri musika egiten dut, herri batekoa naizelako; ni ez noa mentalitate urbanita bat hartzera leku jakin batera iristeko; ez. Tronpetista moduan hogeita hamar urte daramatzat Udal Musika Bandan jotzen. Jo dut txarangan, jo dut musika klasikoa, musika esperimentala, herri musika... Horren guztiaren marka daramat, eta Amorantek, bakarrik oholtzaratzeko aukera ematen didan unetik, hori dena ateratzeko aukera ematen dit.
• Esana duzu ez zaizula interesatzen bere horretan eramatea diskoa zuzenekora. Erraza ere ez dirudi.
Estudioan grabatzeak ematen dizkigu beste aukera batzuk, eta nire kasuan, urte guzti hauetan egin dudanak ahalbidetu dit jende on askorekin lan egitea. Eta disko honetarako ere estimatzen dudan jendearengana jo dut. Ni neu egitera iristen ez naizen horretara iristeko eskatu diet laguntza. Bizitzan bezala da hemen ere. Harkaitz Canoren hitzak dira 'Erreka' kantukoak eta Idoia Hernandez Hatxeren pianoa eta Xabier Xeberioren hariak ere baditu;Odei Barrosoren rapa dago 'Ez dira' kantuan; Amaia Mirandaren gitarra dago diskoko azken kantuan, Los Sara Fontanen elektronika 'Kale erdian' kantuan... Jende askoren ekarpenarekin jantzi dut diskoa, baina lagun horiek ez dira etorriko nire boloetara. Ni lokalera entsegatzera joaten naizenean zuzenekoari begira hasten naiz lanean, eta kantuen muinari erreparatzen diot; Eta hasten naiz lanean, hitzetatik. Hitzak sortu edo inguratzen ditut, eta haientzako jantzia sortzen dut gero, melodia [Diskoan, bereak dira hiru ez beste letra guztiak. Odei Barrosok eta Harkaitz Canok idatzi dizkiote beste bi eta Bilintxi hartutakoa da hirugarrena]. Erosoago aritzen naiz horrela. Nire teoria da melodia sortzen denean lehenengo, fonetika angloa erabiltzen dela eta horrek eramaten gaituela melodia jakin batzuk egitera. Konbentzituta nago artista
askoren sortze prozesua hori dela. Letretatik abiatzen direnek sortzen dituzten melodiak beste modu batekoak dira. Harkaitz Canok esaten zuen ingelesez 'All you need is love' dena euskaraz behar duzun guztia maitasuna da dela, eta haiek bost silabatan esan duten hori esateko guk hamabi behar ditugula. Melodia aurretik sortzen duenak zailtasunak izango ditu euskarazko berbak kabiduarazteko.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1303. zenbakian -PDF-