Aldundiak antolatzen duen Gipuzkoako Kirolaren Gala abenduaren 20an egingo dute Irungo Ficoban, eta bertan hainbat sari emango dituzte.
Batetik, Kirol Merezimenduaren Saria banatuko dute. Epaimahai tekniko batek erabakitzen du, eta dagoeneko aurreratu dituzte irabazleen izenak: hegats igeriketa munduan ibilbide luze eta oparoa duen Irati Lacunza kirolari tolosarrak eta Pariseko Joko Paralinpikoetan urrezko domina irabazi zuen Iñigo Llopis igerilari donostiarrak jasoko dute sari hori.
Bozketa bidez
Sari herrikoia izango da bigarrengoa: eta Gipuzkoarren Kirola Herritarren Saria, bozketa bidez egingo baitute. Guztira 57 hautagai daude, eta horien artean da Leire Egaña, Espainiako oilagor ehizako txapelduna.
Bozketan parte hartu nahi duenak webgune honetara sartu behar du. Kontuan izan abenduaren 15ean bukatuko dela botoa emateko epea.
Emakumez osatutako EME automobilismo kirol kluba ere badago saria jasotzeko hautagaien artean, motorraren kirola egin nahi duten eta egiten ari diren emakumeei laguntza emateagatik, eta txapelketa ofizialetarako proba puntuagarri bat antolatzeagatik, San Miguel Rallysprinta, hain justu ere.
Distira eta enpresa sariak
Aipaturiko sariez gainera, beste bi sari ere banatuko dituzte Gipuzkoako kirolaren festa den Kirolgalan: Maialen Chourrautek eta Martín Berasateguik jasoko dituzte, hurrenez hurren, Distira saria eta Enpresa saria, antolatzaileek aurreratu zuten moduan.