Kontzezio Eguneko azoka egingo dute zapatuan, hilak 7, Mendaron

Barren 2024ko abe. 5a, 12:33

Kontzezio Egunaren bueltan urtero egin ohi duten azoka egingo dute zapatuan, abenduak 7, Mendaron, urteko jai-egun handia. Urteroko osagaiak izango ditu jaiak: baserriko jeneroa, sagardo dastaketa, lehiaketa, dantza eta musika. 

Frontoian jarriko dituzte baserritarren eta artisauen postuak, eta 10:00etan zabalduko dute azoka. 14:00ak arte, sasoiko produktu onenak eskuratzeko aukera izango da bertan, bai eta gozogintzan eta artisautzan dabiltzan beste hainbaten produktuak probatu eta erosteko ere.

Sagardo lehiaketa

11:00etan sagardo lehiaketari ekingo diote. Arno Guraso Elkarteko boluntarioak ibiliko dira sagardoa zerbitzatzen, eta 14:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia. Sagardo lehiaketako sariak ez ezik azokan erosketaren bat egin dutenen artean ere banatuko dituzte zenbait sari, zozketaz. 

Tarte horretan, baina, eguerdian, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldiaz gozatzeko aukera ere izango da, plazan, 12:00etatik aurrera. Jaialdian Ameikutz musika eskolako txistulariek eta trikitilariek ere parte hartuko dute.

Arratsaldean jarraituko du gero jaiak. 18:00etan, Euskal Parrillakoek erretako saiheskia banatzen hasiko dira Katubeltz elkartekoak, eta ondoren erromeria egongo da Fan&Go taldearekin. Gazte Asanbladakoek gaztetxea ere zabalduko dute egun horretan, plazako erromeria amaitutakoan, eta Txola ta Potxola herrikoDJak arituko dira musika jartzen.

Hona iazko azkoka eguneko bideoa.