Elkarrizketa

Sarai Sagasta: “Elgoibarri buruzko informazio orokorra emango dut bihar, modu alai eta dibertigarrian”

Ainhoa Andonegi 2024ko aza. 29a, 09:21

Historia ikasketak egin zituen Sarai Sagastak (Elgoibar, 2000) eta gaur egun Donostian egiten du lan, gidari turistiko moduan. Bidaiatzea gustuko du, Erromara eginiko bidaia batean piztu zitzaion gidari turistiko izateko nahia, eta ustekabean jaso zuen Donostiako lanpostu baten berri. 

Gidari turistikoa behar zuten, eta lanposturako proba egitea erabaki zuen. Berehala konbentzitu zuen enpresako nagusia. Berritsu fama izan du umetatik, eta bere hitz jarioa ogibide bilakatu du. Bihar, Elgoibarren egingo du turra Atxutxiamaikaren barruan sortu berri den ZZ NagiaKentzen Taldeak antolatuta. Gazteen artean euskalduntasuna sustatzea du helburu taldeak. Turra alaia eta ludikoa prestatu du, euskaraz. Arratsaldean, Elgoibar Koloretan mahai-jokoaren lehiaketa egingo dute, eta iluntzean sorpresaren bat ere izango da, erromerian. Turrean adi egoteko gomendioa egin du.

Gidari turistikoa zara Donostian. Nola iritsi zara lan horretara? 
Historia ikasketak egin nituen Gasteizen, lau urtez. Gradua amaitu nuen, baina gradu amaierako lana ez nuen egin. Atzeratzea erabaki nuen, ez nekielako zein gai landu. Egoera horretan nengoela lagun batek esan zidan Donostiako enpresa bat gidari turistiko bila ari zela, eta lanpostura aurkeztea erabaki nuen. Elkarrizketatu ninduten eta ondoren bost minutuko proba bat egin behar izan nuen kalean. Bi minutuan konbentzitu nuen enpresako nagusia, eta kontratatu egin ninduen. Bi urte daramatzat lanean. Bisita gidatuak eskaintzen ditugu, Freetour estiloan. Horrelakoetan bisita amaieran ordaintzen dute bezeroek, beraiek egoki ikusten duten kantitatea. Nire kasuan soldata finko bat daukat, baina aldatu egin daiteke bezero kopuruaren eta ordaintzen dutenaren arabera.

Nolakoa da zure lanbidea?
Niri asko gustatzen zait. Umetatik berritsu deitu izan didate, eta orain lanbidetzat hitz egitea izatea itzela da. Gogoratzen naiz gainera irakasle batek behin ikastolan esan zidala hitz egiteak ez zuela jaten ematen, eta begira, hitz egiteak ematen dit jaten gaur egun. Zapatutik asteazkenera bitartean egiten dut lan, eta egunero izaten dut jendea. Asteburuetan izaten ditugu bisita gehienak, baina astean zehar ere ibiltzen dira turistak Donostian. Espainiakoak dira turista gehienak, eta urte osoan zehar bidaiatzen dute. Hondarribian ere egiten dut lan tarteka, baina askoz jende gutxiago mugitzen da. Donostia modan dago. Donostiarrak apur bat nazkatuta daude turista taldeak kalean ikusteaz, bereziki udan. Gure enpresa da zerbitzua urte osoan zehar eskaintzen duen bakarrenetarikoa eta herritarrek ezagutzen gaituzte. Zorionez ondo hartzen gaituzte. Bisitaren geldiune batean Donostiako martxa erakusten diet, abestu egiten diet eta herritarrek laguntzen didate batzuetan. Ni oso pozik nago lan honetan.

Biharko Turra Historikoa antolatu duzue. Zein da ekimenaren helburua?
Gazteei Elgoibarko berri ematea da helburua, modu alai eta dibertigarrian. Nire ikasketetan konturatu naiz historia nork eta nola kontatzen digun, asko aldatzen dela. Hizlariaren arabera izan daiteke historia oso interesgarria edo guztiz aspergarria, eta nik bisita gidatu honekin lortu nahi dut jendeak ondo pasatzea, kontatzen dudana entzuleei gustatzea, eta zerbait ikasten badute, askoz hobeto. Gustatuko litzaidake Elgoibarri buruzko datu esanguratsuren batzuekin geratzea, azken batean jendeak ez badaki herriari buruzko ezer, herriaren historia galdu egiten delako. Elgoibarri buruzko informazio orokorra emango dut, ur sakonegietan sartu gabe. Ez daukat turra emateko asmorik; modu ludikoan prestatu dut bisita. Jende askok gehiago ezagutzen du kanpoko historia, herrikoa baino. Bidaiatzen dugunean, zalantza handirik gabe egiten ditugu bisita gidatuak, baina gure herriari buruz ez dakigu ezer. Nik uste dut jendeak gustura entzungo duela bere herriari buruzko informazioa. Ez dakit zenbat jende etorriko den, baina espero dut etxekoak baino gehiago etortzea! Askok geratu naute azken egunetan kalean eta etorriko direla esan didate.

Nola planteatu duzu bisita? Zer geldiune egingo dituzu ibilaldian?
Kalegoen Plazan hasiko gara, eta han egingo dut bisitaren sarrera, Elgoibarren bihotza plaza delako, nahiz eta plaza horren aurretik Elgoibar identifikatzeko lekua Olaso izan. Gaur egun hilerria dago, eta bisita han hastea ez nuen ikusten, baina haren berri ere emango diet. Aita Agirre plazan ere geratuko gara. Hor San Frantzisko komentua zegoen, eta hark izan zuen garrantzia azalduko dut. Nafarroa plazan Kultur Etxearen berri emango diet. Elgoibarko harresia hor amaitzen zen, eta leku garrantzitsua da herrian. King-Kong inguruan ere geratuko gara, eta hor egon zen dorretxe bati buruz hitz egingo dut. Gune horretan, bestalde, Deba ibaiaz ere jardungo naiz, ibaiak herrian berebiziko garrantzia izan duelako. Elgoibarren garapena ezin daiteke ulertu, Deba ibaiarena ulertu gabe. Elgoibarren loraldi sozial, ekonomiko eta industriala Deba ibaiak ekarri du. Gradu amaierako lana Deba ibaiari buruz egin nuen, eta tribunalak esan zidan oso gai polita eta interesgarria izan zela. Zoritxarrak ere ekarri dizkigu ibaiak, baina garapena berari esker etorri da. Maalan bukatuko dugu ibilaldia, eta han Altzolari buruz ere hitz egingo dut. Altzola Madril Txikia bezala ezagutzen zen bere garaian, eta oso garrantzitsua izan zen ingurune honetan. Turista asko etortzen ziren ur mineralak erakarrita. Esaten dute ume batzuek deskubritu zutela Altzolako ur minerala, han bainua hartzen ari zirela. Gero bainuetxea egin zuten eta jende garrantzitsu asko etortzen zen bertara. Napoleonen ondorengoren bat ere Altzolan egondakoa dela diote. Altzolari buruzko sekreturen bat ere kontatuko dut bihar. Horrez gain, Sigma eta San Pedro fabrikak ere aipatuko ditut eta baita baserriak ere.

Non ikasi duzu Elgoibarri buruz dakizuna?
Pello Arrieta eta Javier Elorzaren liburuak erabili ditut, eta baita Koldo Lizarralderenak ere. Gure Bide elkarteko bazkide gara familian, eta Lizarralde ere hango bazkide zen. Sarri egiten genuen topo eta gauza pila bat galdetzen nizkion. Behin, nire amamak esan zion Historia ikasi nahi nuela eta sekulako poza hartu zuen, neska batek Historia ikasi nahi zuela entzutean. Gradu amaierako lana Elgoibarko ondare industrialari buruz egin dut, eta horretarako liburu asko kontsultatu behar izan ditut. Ahotsak.eus atariko bideoak ere ikusi ditut. Elgoibarko kontuez gain, Euskal Herriko historiari buruz ere irakurri dut, eta gero, logika erabilita, loturak egin ditut. Askotan entzun izan dut Historiak ez daukala logikarik, baina niri iruditzen zait baietz. Ni ez naiz Wikipedia, baina logika aplikatuta eta gauzei pare bat buelta emanda, nire hipotesiak lantzen ditut askotan. Saiatzen naiz baita ere historia eguneroko kontuekin konparatzen, bisitarientzako erakargarriago egiteko.

Elgoibarrek badauka turistikoki baliorik?
Badauka ondare artistikoa, baina asko galduta dago. Kalegoen plaza ikusgarria da, frontoia Euskadiko zaharrena da, Altzolatarren dorretxea ere oso polita da... Turismo erlijiosoa gustuko duenarentzat bai izan daiteke interesgarria Elgoibar. Kanposantuaren historia oso polita da, eta Debako elizarekin batera, gotikoaren erakusgarri politena da hemen inguruan. Baserri auzoak ere politak ditu.

Nondik datorkizu Historiarako zaletasuna?
Historialari batean pentsatzen dugunean, gizonezkoa etortzen zaigu burura normalean. Ez da oso ohikoa gazteen artean, eta emakumezkoetan are gutxiago, baina niri umetatik gustatu izan zait. Gurasoek eta aiton-amonek kontatzen didate albistegietan ematen zutenean ez dakit non zer gertatu zela, mapan begiratzen nuela, leku hura non zegoen. Dena galdetzen nuen, interes handia neukan gertakarien arrazoiak ezagutzeko. Umetan esaten nuen abeslari edo kazetari izan nahi nuela, baina DBHn argi ikusi nuen historia gustatzen zitzaidala. Egiptoko Historia beti gustatu izan zait eta iaz hara bidaiatzeko aukera izan nuen. Historia ikasteak Egipto beste modu batean ikusteko aukera eman dit. Ez naiz damutzen Historia ikasi izanaz. Jende askok esaten zidan ikasketa horrek ez zuela etorkizunik, irakasle izateko aukera bakarrik ematen zuela, eta uneren batean egon nintzen aldatzekotan ere. Eskerrak aurrera egin nuen!
Unibertsitatean nengoela lagun batzuekin Erromara joan nintzen, eta Freetour bat egin genuen. Taldeko gogaikarriena izango nintzen gidariarentzat, galdera pila bat egin nizkiolako. Han piztu zitzaidan gidari izateko nahia eta berari galdetu nion zer egin behar zen lanbide horretan sartzeko. Italiara joatea ere pentsatu nuen lanera, baina Donostian ere oso gustura nago. Italian lan egiteko italiera ere ikasi beharko nuke, eta Donostian gaztelaniaz egiten dut lan, batez ere. Azkenaldian ingelesez ere hasi naiz, baina turista gehienak Espainiatik etortzen zaizkigu. Euskaraz lan egitea nahiko nuke, eta bihar daukat estreinakoz bisita bat euskaraz eskaintzeko aukera. Ilusio handia egiten dit turra euskaraz emateak. ZZ Taldeak azken batean hori du helburu: euskaraz gehiago hitz egitea. Gazteok gure artean euskaraz naturaltasunez hitz egitea nahi dugu, eta euskara hizkuntza akademikoa baino gehiago dela erakutsi nahi dugu. Euskara kalean ere erabili behar dugu, bestela galdu egingo da. Niretzako biharkoak osagai guztiak dauzka emaitza ona izateko: historia, gazteak eta euskara.

Biharko eguna ez da, baina, turra historikoarekin bukatuko. Gehiago ere antolatu duzue.
Bai, arratsaldean Elgoibar Koloretan mahai jokoaren txapelketa egongo da, eta nik parte hartzera animatzen ditut gazteak, oso ondo pasatuko dutelako eta Elgoibarri buruz ikasiko dutelako. Eta gainera, sari onak daude. Iluntzean erromeria ere egongo da, eta sorpresaren bat ere bai erromerian zehar. Ezin dut besterik aurreratu; esan dezakedan bakarra da bisita gidatuan zehar adi-adi egotea komeni dela.