Egondo enpresako beharginek mobilizazioak hasi dituzte lan ituna berritzeko negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko

Barren 2024ko aza. 26a, 13:13

Egongo enpresako beharginen elkarretaratzea. Arg: LAB sindikatua.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, Egondo enpresako beharginen lan ituna berritzeko negoziazioek ez dute emaitzarik eman eta "blokeo" egoera agerian lagatzeko hasi dituzte mobilizazioak. 

Lan ituna 2022ko abenduaren 31n iraungi zela zehaztu dute, eta ituna berritzeko negoziazioak hasi zituztela enpresako arduradunek eta Egondoko Langile Batzordeak; LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek osatua. "Bilerak joan, bilerak etorri, negoziaketak ez du emaitzarik ekarri. Azkenengo hilabetean, gainera, enpresak jarrera itxia du eta proposatu du Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena ezartzea, lanaldi jaitsierari, KPItik gora lotutako soldata igoerei, bajen osagarriei edo errelebo kontratuei atea guztiz itxiz", adierazi dute LABetik.

Beharginek euren desadostasuna publiko egitea erabaki dute eta hiru elkarretaratze egin zituzten, aurreko astean, lantegiaren atarian. Jarrera immobilistatan itxita egotea leporatzen diote enpresari, eta berriro "negoziaketa erreal" batean murgildu ezean, mobilizazioak areagotzeko erabakia hartua dutela aurreratu dute. Momentuz, beste hiru mobilizazio iragarri dituzte aste honetarako. Hurrengo astetan eman beharreko pausoak Langile Batzordean erabakiko dituzte. "LABetik argi daukagu blokeo egoeraren aurrean langileon mobilizazioa dela tresna garrantzitsuena eta Egondoko langile guztiak deitzen ditugu mobilizazioetan parte hartzera", adierazi dute sindikatutik.

Albitzuri industrialdean dago Egondo enpresaren lantegia.