19:00ak puntuan hasi dute elkarretaratzea Uluka batukakoen perkusio doinuekin, eta plazan batutakoek herriko kaleak zeharkatu dituzte gero manifestazioan. Ez da aldarrikapen ohiu edo zaratarik egon, isila izan da gaurko mobilizazioa.
11 kasu artatu dituzte aurten Elgoibarren
Indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume artatu dituzte Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Jakinarazi dutenez, aurreko urtean, 2023an, hamahiru kasu artatu zituzten, eta Ertzaintzak indarkeria matxistako 18 espediente berri izapidetu zituen. 2024an, berriz, 11 kasu artatu dituzte, urrira bitartean.
Elgoibarko Udalak azpimarratu du Gizarte Zerbitzuak herritar guztientzat eskuragarri daudela, bereziki indarkeria-egoerei aurre egiten ari direla sentitzen duten emakumeentzat. Bertan, baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute, salaketa judizialik aurkeztu beharrik gabe.
Protokoloa eguneratuko dute
Hain zuzen, Indarkeria matxistaren kasuak artatzeko tokiko protokoloa eguneratzeko asmoa duela aurreratu du Elgoibarko Udalak. Eguneratze prozesua urte amaieran abiatuko dutela jakinarazi dute, eta 2025. urtearen erdialdean martxan jartzea aurreikusten dute. Gizarte Zerbitzuek gidatuko dute, EDE Fundazioarekin lankidetzan. "Azken urteotan, indarkeria matxistaren errealitatea nabarmen aldatu da. Hori dela eta, protokolo berri honen helburua da esku-hartze mekanismo hobeak ezartzea eta komunitate-partaidetza sustatzea problematika horri erantzuteko". Protokoloa eguneratzeko lankidetzan arituko dira hainbat erakunde eta eragile, hala nola Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Saila, "bikoiztasunak saihestuz eta datuen erabilera etikoa eta anonimoa ziurtatuz, biktimen pribatutasuna babesteko".
Udalaren adierazpena
Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Udalok gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.
Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, – bai esparru legalean, eta politikoan, bai sozialean-, gaur egungo joera neomachista hasten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak.
Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.
Hori guztia kontuan hartuta, Elgoibarko Udalean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
• Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz: partaidetza-mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak, komunikazio bateratuak, erantzun publiko eta erasoen aurkako protokoloak...
• Herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, batez ere gizonezkoei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.
• Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
• Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola-curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko.
• Herriko ikasleei zuzendutako hezkuntza-programa bat garatzea, LGTBIQ+ errealitateen inguruko sentsibilizazioa bateratzen duena.
• Prestakuntza-programak ezartzea eta gizontasunari buruzko kontzientziazio-kanpainak antolatzea.
• Aholkularitza sexualeko zerbitzu berri bat eskaintzea, herritar guztien eskubide eta askatasun sexualak sustatzeko eta nortasunak, desioak, harremanak eta sexualitateak askatasunean bizi ahal izateko.
• Indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeenei informazioa, babesa eta laguntza emateko ekitaldi eta espazio publikoetan puntu moreak eskaintzea, eta komunitatearen sentsibilizazioa sustatzea, salatutako erasoei buruzko datu orokorrak publiko eginez, adibidez.
• Indarkeria matxista kasuei arreta emateko tokiko protokoloa eguneratzea, azken urteetako errealitatera egokituz eta komunitate osoaren parte-hartzea bultzatuz.
• Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Elgoibarren antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne.