Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzeak gaur, Elgoibarren eta Mendaron

Barren 2024ko aza. 25a, 11:49

Andoni Bastarrika hondar-eskultoreak azaroaren 25erako eginiko artelana iaz, Kalegoen plazan.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta horren harira, hainbat ekintza izan dira egunotan gurean. Gaur, elkarretaratzeak egingo dituzte Elgoibarren eta Mendaron. 

Emakumearen hilabetea izan da azaroa Elgoibarren, eta hainbat ekintza egin dituzte hilabete osoan zehar. Gaur, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Kalegoen plazan, eta ondoren manifestazioan irtengo dira kaleetan zehar. 

11 kasu artatu dituzte aurten Elgoibarren

Indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume artatu dituzte Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Jakinarazi dutenez, aurreko urtean, 2023an, hamahiru kasu artatu zituzten, eta Ertzaintzak indarkeria matxistako 18 espediente berri izapidetu zituen. 2024an, berriz, 11 kasu artatu dituzte, urrira bitartean.

Elgoibarko Udalak azpimarratu du Gizarte Zerbitzuak herritar guztientzat eskuragarri daudela, bereziki indarkeria-egoerei aurre egiten ari direla sentitzen duten emakumeentzat. Bertan, baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute, salaketa judizialik aurkeztu beharrik gabe.

Protokoloa eguneratuko dute

Hain zuzen, Indarkeria matxistaren kasuak artatzeko tokiko protokoloa eguneratzeko asmoa duela aurreratu du Elgoibarko Udalak. Eguneratze prozesua urte amaieran abiatuko dutela jakinarazi dute, eta 2025. urtearen erdialdean martxan jartzea aurreikusten dute. Gizarte Zerbitzuek gidatuko dute, EDE Fundazioarekin lankidetzan. "Azken urteotan, indarkeria matxistaren errealitatea nabarmen aldatu da. Hori dela eta, protokolo berri honen helburua da esku-hartze mekanismo hobeak ezartzea eta komunitate-partaidetza sustatzea problematika horri erantzuteko". Protokoloa eguneratzeko lankidetzan arituko dira hainbat erakunde eta eragile, hala nola Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Saila, "bikoiztasunak saihestuz eta datuen erabilera etikoa eta anonimoa ziurtatuz, biktimen pribatutasuna babesteko".

Mendaro

Mendaron bi ekintza daude deituta gaur iluntzerako. Batetik, elkarretaratzea deitu du Itaiak 19:00etarako, plazan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Elkarretaratzearen ondorenerako, urteroko ekintza antolatu du Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak. 19:30ean izango da hori.  Indarkeria matxista egiturazko arazoa dela salatuko dute, biktima izan diren guztiak oroitzeko plazan egingo duten ekintza horren bidez.