Annapurnara joan aurretik, Khumbu bailaran barneratu eta Ama Dablam mendi ikonikoa (6.812 m) igotzen saiatuko dira #OdysseyAnnapurna25 espedizioko kideak, eta, ondoren, Pumori mendira joango dira. Pumoriko lehen kanpalekuan hainbat gau igarotzeko asmoa dute, 6.000 metrotan. Annapurnako bigarren edo hirugarren kanpalekuaren altuera bera da, baina Pumorin askoz arrisku gutxiago izango dutela-eta. Gero, Annapurnan, iazko espedizioaren eskarmentuak asko lagunduko diela uste du Lemoako alpinistak.
Altuerara eta Himalaiako mendietara egokitzeko lehen aste horietan hamar laguneko taldea izango du lagun Txikonek eta horien artean izango da Ainhoa Lendinez. Mendian ibiltzeaz gainera, espediziokideak elkarrizketatu eta kazetari lanak egingo ditu mendizale elgoibartarrak. Hilabeterako joan da: "Lehen asteetako trekkinean hartuko dut parte, Ama Dablam igotzeko saiakeran eta Everesteko behe kanpalekuraino eramango gaituenean, ...eta gero gerokoak", zehaztu du.
- KRONIKAK: barren.eus-eko komunitatean izango duzue Ainhoa Lendinezek Himalaiatik egingo dituen kronikak jarraitzeko aukera. Dagoeneko argitaratu du aurrenekoa: Ama Dablam
Behin bakarrik lortu den erronka
Girora moldatzeko aldiaren ostean ekingo dio Txikonek Annapurnako tontorreraino igotzeko ahaleginari, Matia Contte italiarra, Sajid Sadpara pakistaniarra eta Waldemar Kowalewski poloniarra soka-lagun dituela. 2016ko neguan Nanga Parbat (8.126 m) eta 2023an Manaslu (8.163 m) gailurrak egitea lortu ondoren, bigarren urtez jarraian saiatuko da Annapurnako gailurra negu betean zapaltzen. Munduko mendi arriskutsuenetako bat da, alpinisten heriotza-tasa handiagatik, klima aldakor, bortitz eta aurreikusezinagatik eta elur-jausien etengabeko arriskuagatik. 14 zortzimilakoen artean tontor konplexuenetakotzat jotzen da. Neguan, baldintzak are muturrekoagoak dira, -30 ºC-tik beherako tenperak eta 100 kilometro orduko haize boladak egon daitezkeelako.
Jerzy Kukuczka Yurek eta Artur Hajzer, Himalaian inoiz izan den sokaldirik indartsuenetakoa, 1987ko otsailaren 3an heldu ziren Annapurna gailurrera (8.091 m), ipar aurpegitik. Neguko lehen igoera izan zen, eta geroztik ez da beste inor igo neguan. (informazio osoagoa: berria.eus)