Asteburu bete-betea izan dugu Elgoibarren

Barren 2024ko aza. 18a, 14:09

Asteburu bete betea izan dugu Elgoibarren, eta ekintzak nonahi izan dira. Kirola Karakateko Igoerak jarri du, eta kultur ekintzak Aizu Ostalarien elkarteak eta Niala magoak. 

Ostegunean hasi zen Aizu Gastrorock asteburua. Ostalariek antolatuta, musika eta gastronomia uztartzeko hainbat ekintza izan dira eguenetik domekara bitartean. Rockalean taldearekin kalejira izan zen bariku iluntzean, eta gauean Maalako parkea jendez gainezka egon zen Akerbeltz taldearen kontzertuan. Zapatuan, Patxangoi Elgoibarko elektrotxarangak sekulako giroa jarri zuen kalean zehar, eta gauean Idoia Asurmendik kontzertua eman zuen. 

Magiak ere bere lekua izan du asteburuan Mirariak jaialdiaren barruan. Alain Zulaika Niala magoak antolatu du magia gala, eta adin desberdinetako publikoarentzako ekintzak izan dira. Etxeko txikienek magia tailerraz gozatzeko aukera izan zuten zapatu goizean, eta domeka eguerdian beraintzako magia ikuskizuna izan zuten Maalako parkean. Helduentzako, berriz, zapatu iluntzean 'Hil edo ez hil' emanaldia aurkeztu zuen Nialak berak Aita Agirre kulturgunean, eta ikusleak aho zabalik utzi zituen. Heriotza zen ikuskizuneko gaia, eta gai horren bueltan egin zuen magia. Domeka arratsaldean bere lagun magoez inguratuta egin zuen magia.