Aste gastronomikoaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Iaz musika elektronikoak pisu handia eduki zuen moduan, rock musika izango da nagusi aurtengo ekitaldian, eta izenera ere eraman dute, Aizu Gastrorock Astea izango baita aurtengoa.
Eguenean, azaroaren 14an, hasiko da aste gastronomikoa Aizu! elkarteko tabernetan egingo duten pintxo potearekin.
Barikuan, azaroaren 15ean, Rockalean eta Akerbeltz taldeek jarriko dute musika. Talde ezagunak dira Elgoibarren. Rockalean taldekoak Txiki Egunean etorri izan dira Elgoibarrera eta iazko aste gastronomikoan ere izan ziren. Musika munduan denbora luzea daramaten bost musikarik osatutako taldea da. Izenak berak argi uzten du beraien estiloa: rocka egiten dute, kalean, baina pop doinuak ere joten dituzte. Talde ezagunen kantuen bertsioak egiten dituzte, abesti orijinalaren esentzia mantenduz. Normalean ikusten ez den musika formazio berezia osatzen dute: bi pertsona baterian, gitarra, soussaphone-a eta ahotsa.
Akerbeltz taldea orain gutxi izan da Elgoibarren, sanbartolomeetako Gazteen Egunean kontzertu beroa eman baitzuen Maalan. Rockaleanekoak 20:00etan hasiko dute kalejira eta 22:00ak arte arituko dira kaleak girotzen. 22:00etan hasiko da Akerbeltzekoen kontzertua, Maalan.
Zapaturako, azaroaren 16rako ere antzerakoa izango da plana; musika kalez kale eta kontzertua gero. Kaleak musikaz girotzeaz herriko Patxangoi elektrotxaranga arduratuko da, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Gauean, berriz, Idoia Asurmendi abeslariak emango du kontzertua, Kalegoen Plazan (22:30). Aramaioko abeslaria Euskal musikaren oraina eta etorkizuna dela diote. De amar y desandar izeneko diskoa kaleratu du aurten, bere bigarrengoa. Hazkunde pertsonalaz eta bide horretan sortutako oroitzapenez hitz egiten duten abestiekin osatu du diskoa; euskaraz zein gazteleraz idatzitako zortzi abestirekin.
Aste Gastronomikoko azken egunean, domekan (azaroak 17) magia izango da protagonista, tabernaz taberna magia ikuskizunak emango baititu Niala mago elgoibartarrak.
Hamabost tabernak parte hartuko dute Aizu Gastrorock Astean, honakoek: Sigma, Iturri, Jai Alai, Tantaka, Gabi, Aterpe, King Kong, Celia, Ilunpe, Malape, Txarriduna, Mintxeta, Gran Siglo, Hotel Txarriduna eta Pilon.
∞Lotura duten albisteak:
- DJ emanaldiek eta rock musikak girotu dute ostalariek bigarrengoz egin duten Aste Gastronomiko Mikologikoa (2023-11-22)
- Aste gastronomikoaren balorazio "positiboa" egin du Aizu! Ostalarien Elkarteak (2022-11-30)
- Mikologiaren inguruko Aste Gastronomikoa antolatu du estreinakoz Aizu Ostalarien Elkarteak (2022-11-17)