Trenaren aldeko borroka astea ospatzeko jardunaldia antolatu dute Altzolan

Barren 2024ko aza. 12a, 10:31

Trenaren aldeko Borrokaren Astea deitu du laugarren urtez jarraian Tren Publiko, Sozial eta Iraunkorraren aldeko Espainiar Estatuko Koordinakundeak, Alianza por el Clima elkartearekin batera. Ekimenarekin bat egin du Altzolan Tren Geltokia Bai plataformak; eta, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, jardunaldia antolatu dute Altzolan azaroaren 16rako.

Lurraldea egituratu eta planeta hozten duen tren baten aldeko aldarrikapen modura sortu zuten Trenaren aldeko Borrokaren Astea, Ecologistas en Acción taldeak gidatutako Trena eta Klima izeneko kanpainaren barruan. Hainbat motatako kolektiboen arteko elkargunea sortzera bideratutako ekimena da, lurraldea gehiago egituratzeko eta ohiko trenbidea sustatuz emisioak murrizteko. Tren publiko eta iraunkorra pertsonen eta salgaien garraiorako funtsezko bitartekoa dela defendatzen dute, eta trena dela aliaturik onena mugikortasuneko eta lurralde-garapeneko eredu berri bat eraikitzeko. Kontuan hartuta garraioa dela Espainian berotegi-efektuko gasen isurketen ia % 30en erantzulea, Trenaren aldeko Borrokaren Asteak ere arreta berezia eskaintzen dio larrialdi klimatikoari. "Trenbide elektrikoa, konbentzionala, garraiobide ezin hobea da emisioak murrizteko eta klima-aldaketa arintzeko. Ulertezina da Gobernuak ez jardutea premiaz trenbideko garraioa sustatzen, bai salgaiena, bai bidaiariena, emisioak murrizteko hartutako konpromisoak betetzeko", adierazi du Klimaren aldeko Aliantzaren ordezkari María Rocak.
Era berean, Tren Publiko, Sozial eta Iraunkorraren aldeko Estatuko Koordinakundeak aldiriko trenen eta eskualdeko tren merkeen lehentasunezko zerbitzuak eskatzen ditu, herritar gehienentzat egokienak direla-eta. “Zerbitzu horiek, trenbidearen erabiltzaileen % 95ek erabiltzen dituztenak, duela urte batzuetatik hona maiztasun, ibilbide eta kalitate murrizketa lazgarria jasaten dute. Herrigune txikienek ikusi dute trenek geltokietan gelditzeari utzi diotela, eta herritarrak ibilgailu pribatua erabiltzera behartu dituztela mugitzeko", dio Koordinakundearen bozeramaile Jose Luis Ordoñezek. 

Ideia guzti horiek plazaratzeko topagunea izango da Altzola zapatuan. Hainbat gizarte-erakundetako ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste, Alianza Por El Clima, Tren Publiko, Sozial eta Iraunkorraren aldeko Espainiar Estatuko Koordinakundea, Sagarrak Ekologista taldea, Ekologistak Martxan, eta hainbat sindikatuk.

Hona prestatu duten egitaraua:

  • 16:00-16:30: Auzoan barrena ibilaldia egingo dute, bereziki, “Altzolan Tren Geltokia Bai” herri plataformaren eskaeraren jatorria den tren-geltokiaren egoera ezagutzeko. Karmen plazatik abiatuko dira.
  • 16:30-16:45: Klimaren aldeko Aliantza eta Tren Publiko, Sozial eta Iraunkorraren aldeko Estatuko Koordinakundeko ordezkarien parte hartzea.
  • 16:45-17:10: Altzolan Tren Geltokia Bai plataformakoen aldarrikapena
  • 17:10-17:20: Altzola eta Bidebieta: Kantauriko korridorea, ETS tartea. (Sagarrak ekologista taldekoen eskutik)
  • 17:20-17:45: Sindikatuetako ordezkarien parte hartzea (baieztatuak: Intersindical, CCOO, CGT, ELA)
  • 17:45-18:15: Eztabaida/solasaldia
  • 18:15- Gaztañarre Egunaren baitan gaztaina erreak banatuko dituzte.
  •  Umeentzako puzgarria.