Eskualdeko herrietan batu eta bidalitako materialaekin paleak eta paleak pilatzen dira Valentziako hondamendiari aurre egiteko premia-premiazko gauzekin. Orain bertaraino garraiatzea da kontua.
Herritarren sartu-irtena etengabea da: jeneroa eta jeneroa dator erosketa-poltsetan, supermerkatuetako orgatxoetan, kotxeetan… eta hainbat pertsona ari dira guztia multzoka antolatzen. Gune txiki baten hasitakoa, orduak aurrera joan ahala gainezka egin eta makro-bilgunean bihurtu da. Kaltetuei eramateko prest dago. Eta horretarako nork eta non garraiatu falta dela konturatuta, dei egiten dute Valentziara joan-etorria egiteko prest dauden furgonetadun eta kamioidun boluntarioei.
- Kontaktuan jartzeko Eibarko Ertzaintza Etxera deitu, 943 53 17 00 telefonora.
Eibarko Armeria Eskolan jarri du bertako Ertzaintzak Valentziara bidaltzeko gauzak batzeko bilgunea, Eta Kitto toki komuunikabidearen ondorengo bideoan ikus daitekeen moduan.
Laguntza bide ofizialetatik
Era berean, Eusko Jaurlaritzak oharra kaleratu du herritarrei eskatuz Valentziarako laguntza bide ofizialetatik bideratzeko. Diru ekarpenak Valentziako Generalitateak sortu duen Som Solidaritat webgunearen bitartez egitea hobetsi du Jaurlaritzak. Azken egunotan, iristen ari zaien laguntza materiala ezin kudeatuz dabiltza Valentzian eta logistika eta biltegiratze arazoak gero eta handiagoak dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta beste instituzio askok herritarrei eskatu diete Valentziara laguntza modu antolatuan eta bide ofizialetatik bidaltzeko.
Laguntza dirutan ematea hobetsi du Jaurlaritzak, horretarako Valentziako Generatilateak propio sortu duen Som Solidaritat webgunea erabilita. Boluntario moduan joateko, berriz, GKE, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin harremanetan jartzea gomendatu du.