Hasi dira furgonetak betetzen Valentziara bidaltzeko materialarekin

Barren 2024ko aza. 5a, 13:00

DANAk kaltetutako lagunentzako produktu bilketak egiten hasi ziren atzo eskualdeko hainbat herritan, eta herritarrak ari dira erantzuten.

Elgoibarren hiru lekutan ari dira materiala jasotzen: Aita Agirre Kulturguneko sarreran, Olaizaga kiroldegian eta Herritarren Arreta Zentroan. Atzo hasi zuten elkartasun kanpaina eta gaur dagoeneko bete dute furgoneta bat Elgoibarren jasotako materialarekin. 
Mendaron Uztargi tabernan eta Galle-Tiak gozotegian utzi ahal izango da materiala, eta azaroaren 8an, ostirala, Edu Agirre herriko garraiolaria arduratuko da produktu guztiak Eibarrera bere kamioian eramateaz. 

Erraz galtzen ez diren elikagaiak, ura, manta eta toailak, arropa, argia egiteko linternak eta pilak, musukoak eta eskularruak, garbiketa-produktuak, mantak eta pixoihalak batzen ari dira. Bariku eguerdira arte jasoko dute materiala aipaturiko lekuetan.

23.000 litro ur

Elgoibarko Udalak 3.000 euro jarri ditu Valentziara 23.000 litro ur mineral bidaltzeko. Altzolako Urak enpresaren bitartez egingo dute bidalketa. Udalak eskerrak eman dizkio enpresari, erakutsitako prestutasunagatik eta elkarlanagatik. Altzolako urakekoek dagoeneko bidali dute furgoneta bat bete ur Valentziara, Donostiarra Arraun Elkartearen bitartez. 2.300 litro ur, zehazki.