Bukatu dituzte Herri Eskolako patioko estalpea berritzeko lanak

Barren 2024ko aza. 7a, 15:19

Eguraldi txarretik babesteko alboko itxiturak gaineratu dizkiote Elgoibarko Herri Eskolako patioko estalpeari.

Elgoibarko Udalak Construcciones Echaide SA enpresari esleitu zizkion estalpea hobetzeko lanak, 190.553,21 euroko aurrekontuarekin, eta uztailean hasi zituzten lanok. Bi hilabeteko epea zuten arren, aurreikusitakoa baino luzeago jo dute lanek. Estalpearen albo banatan, hego eta ipar partean, itxitura berria gaineratu diote estalpeari, aterpean dagoen jolasgune hori urte guztian erabili ahal izateko, euria eta haizea egiten zuenetan busti egiten baitzen zorua hainbatetan. 
Ikastetxeko jolaslekuan dagoen estalkia 2010ean eraiki zuten. Metalezko egitura da eta aurrealdeko eta goiko itxiturak dituen estalkia da, polikarbonatozko plakekin konbinatutako txapa metalikozkoa.