Indarkeria matxistarekin lotutako testigantzak bildu nahi ditu Elgoibarko Emakume Feministen Asanbladak

Barren 2024ko aza. 6a, 17:20

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta horren harira, testigantzak jaso nahi ditu Elgoibarko Emakume Feministen Asanbladak, Elgoibarko errealitatea ezagutzeko. 

Modu anonimoan jasoko dituzte testigantzak, baina gero herritarren artean elkarbanatuko dituzte. Bi bide jarriko dituzte testigantzak jasotzeko:

  • Batetik, postontzi bat jarriko dute Aita Agirreko sarreran testigantzak bertan lagatzeko.
  • Bestetik, Google galdetegi bat partekatuko dute Whatsapp eta sare sozialen bidez.

Eraso matxistatzat hartzen dituzte besteak beste bazterkeria, irainak, neska izatearren egindako mespretxuak, baimendu gabeko musu edota igurtziak, gorputzari edota arropari buruzko komentarioak, begirada lizunak, sexu harremanak edukitzeko presioa, eraso homofobo eta transfoboak, kontrola bikote harremanean... 
Jasotako testigantza guztiak aztertu eta Elgoibarko errealitatearen berri jasotzea da helburua. 

Honako hauek dira Elgoibarko Emakume Feministen Asanbladakoek galdetegian egingo dituzten galderak:

  • Adina.
  • Generoa.
  • Noizbait pairatu al duzu eraso matxistarik?
  • Baiezkoa izanez gero, konsziente izan al zinen momentuan?
  • Noizbait izan al zara beste norbaitekiko erasoren baten testigu?
  • Azaldu, mesedez, modu zehatzenean, bizi izan dituzun edota zure inguruan gertatu diren esperientziak.