Elgoibarko zuhaitzek urtaro honetan izaten duten kolore aniztasuna bertatik bertara ikusi eta zuhaitz esanguratsuenak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Herriko zuhaitzetan aditua den Andoni Segundok gidatuko du bisita, liburu bat ere idatzita baitauka gaiaren inguruan, Elgoibarko Zuhaitzak. Gida eta sailkapen-gakoa izenekoa.
Zuhaitzei buruzko hainbat datu eta bitxikeri azalduko ditu eta hostoekin eskulanak egiteko aukera ere izango dute partaideek.
Jubilatuen Biltokian azalpen labur bat eman ostean hasiko dute herriko kale eta parkeetan egingo duten ibilaldia, 10:00etan. Besteak beste, Ermuaran Bide kalean dagoen Astigar arrunta, Bolatokiko parkeko Astigar Japoniarra, Basarte inguruan dauden Astigar Zuria, Ezkia, Ginkgoa eta Atlaseko Zedroa, Uparitzaga kaleko Burdin Arbola, Aita Agirre plazan eta Makina Erremintaren Museoan dagoen Jupiterren zuhaitza, Errotaberriko Lertxuna edota Kalegoen Plazako Magnolioa ikustera joango dira.