Abentura eta natura uztartzen dituen zinema jaialdia da Mendi Film Festival. Urtetik urtera izen handia hartu du Bilbon egiten duten jaialdiak, eta era honetako jaildieetan munduko onenen artean lekua egitea lortu du, eta erreferentea da. Iaz han erakutsitako bost film labur emango dituzte Elgoibarko Herriko Antzokian, 21:00etatik aurrera: La Gara, Elevated, Crying Glacier, Udalatx, ura eta atxa eta Silent Escape. Askotariko gaiak lantzen dituzte bost ikus-entzunezkook: Trail runninga, eskalada, alpinismoa, muturreko eskia, mendiko bizikleta, espeleologia, eta glaziarren ikerketa, besteak beste. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira leihatilan, 5 euroan.
Ikus Elgoibarko emanaldia iragartzeko kartela
Lehen hitzaldia azaroaren 13an
UMEZ zikloko lehen hitzaldia, berriz, azaroaren 13an izango da, eguaztenean. Zikloalpinismoa Bolivian ikus-entzunezkoa aurkeztera etorriko dira Iñigo Unanue eta Kattalin de Pedro. Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian izango da hitzaldia, 19:00etan.
Munduan barrena bizikletaz bidaiatzen duten bitartean mendiak igotzeko edo eskalada egiteko geldialdiak egiten dituzte Unanuek eta De Pedrok. Urtebetez ibili dira munduan barrena bizikletaz bidaiatuz. Lehenengo Asia hego ekialdera joan ziren lau hilabetez, eta Thailandia, Laos, Kanbodia eta Vietnam ezagutu zituzten. Ondoren, Hego Amerikara joan ziren: Bolivia, Peru, Brasil eta Kolonbian ibili ziren. Elgoibarren emango duten proiekzioan ezagutu dituzten bide bakartuenetan bizitako esperientziak partekatuko dituzte, zehazki Boliviako eta Txileko hiru parke nazional zeharkatzean izan zituzten bizipenak. Mendiko materiala zeramaten alforjetan eta inguru horretan dauden hainbat tontor garai igo zituzten Unanuek eta De Pedrok. "Bolivian ibilbide luzea egin genuen bizikletan. Bi eremu nagusi daude bizikletan ibiltzeko: Sajama ingurua, non sumendi dezente dauden, eta Andeetako Real mendikatea. Bide luze samarra egin genuen, gatz lautada batetik bestera joan ginen eta mendietara ere gerturatu ginen. Abentura handiena bertakoa izan da. Baita gogorrena ere".