Lau urteko etenaren ostean, Morkaikok iaz berreskuratu zuen zikloa antolatzeko ohitura, eta aurtengorako egitaraua ere osatu eta aurkeztu dute. Bilboko Mendi Film jaialdiko azken edizioko pelikula onenen eta arrakastatsuenen emanaldiarekin hasiko dute Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa, azaroaren 8an, Herriko Antzokian.
Hiru hitzaldi prestatu dituzte aurtengorako, honako hauek:
Zikloalpinismoa Bolivian
Zikloalpinismoa praktikatzen dute Iñigo Unanue zumarragarrak eta Kattalin de Pedro gorliztarrak, hau da, munduan barrena bizikletaz bidaiatzen duten bitartean mendiak igotzeko edo eskalada egiteko geldialdiak egiten dituzte. Urtebetez ibili dira munduan barrena bizikletaz bidaiatuz. Lehenengo Asia hego ekialdera joan ziren lau hilabetez, eta Thailandia, Laos, Kanbodia eta Vietnam ezagutu zituzten. Ondoren, Hego Amerikara joan ziren: Bolivia, Peru, Brasil eta Kolonbian ibili ziren. Elgoibarren emango duten proiekzioan ezagutu dituzten bide bakartuenetan bizitako esperientziak partekatuko dituzte, zehazki Boliviako eta Txileko hiru parke nazional zeharkatzean izan zituzten bizipenak. Mendiko materiala zeramaten alforjetan eta inguru horretan dauden hainbat tontor garai igo zituzten Unanuek eta De Pedrok. "Bolivian ibilbide luzea egin genuen bizikletan. Bi eremu nagusi daude bizikletan ibiltzeko: Sajama ingurua, non sumendi dezente dauden, eta Andeetako Real mendikatea. Bide luze samarra egin genuen, gatz lautada batetik bestera joan ginen eta mendietara ere gerturatu ginen. Abentura handiena bertakoa izan da. Baita gogorrena ere". Azaroaren 13an izango da emanaldia, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian, 19:00etan.
Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen
“Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen” dokumentala emango dute azaroaren 20an, eguaztena (19:00), Aita Agirre Kulturgunean. Koke Lasa Berasategi mendizale ormaiztegiarrak ondo duen ikus-entzunezko lan honek Euskal Herriko paisaia ederrez gozatzeko aukera ematen du, baina “ezohiko begirada” bat erabilita, egileak zehaztu duenez. “Ez da mitologia edo alpinismoari buruzko emanaldi soila, Mariren eta gazte batzuen arteko kontakizun bat baizik. Aspalditik mugitu gara Aizkorrin, neguan batez ere, bertako kanal eta korredoreak igotzen. Bagenekien Mariren haitzuloetako bat hor zegoela eta bururatu zitzaidan lotura bat egin zitekeela kontakizun bat asmatuz", azaldu du Lasak. Mendizale gazte batzuk Aizkorrira joaten dira, eta Aketegi inguruan laino zuri bat ikusten dute. Adineko mendizale batek esaten die kea dela eta Aketegiko haitzulotik ateratzen dela. Marik labea piztuta daukala eta ogia egiten ariko dela. Kontakizun horretatik abiatuta, Mari aurkitzeko ahaleginean, leku ezberdinetara joango dira, besteak beste, Txindoki, Murumendi, Anboto, Itxina, Aloña, Putterri… Orduerdiko dokumentala da.
Groenlandian bide berriak zabalduz
'Abriendo Camino Volumen 2, Expedición Groenlandia' ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Elgoibarren Maialen Rojo (Gasteiz, 1997) alpinistak, azaroaren 27an, Kultur Etxeko Sotoan, 19:00etan. FEDME Espainiako Federazioaren Alpinismoko Emakumeen Taldeko kideek —besteak beste, Maialen Rojo, Uxue Loizu eta Amaia Segurola euskal herritarrek— hiru urteko teknifikazioa egin zuten taldean, promozio bakoitzak egin ohi duen moduan, eta bigarren ikasturteari amaiera emateko Groenlandiara bidaiatu zuten. Zehazki, irlako ekialdeko kostaldera, Kangertitviatsaq eta Sangmilik fiordoen artean goratzen den Mythic Cirque mendiguneko dorreetara joan ziren. Goi mailako jarduera osatu zuten han, Mythic Cirque mendiguneko eta inguruko dorreetan, eta zortzi bide zabaldu zituzten. Iberdrolak emandako beka baten babesarekin eta FEDMEren Emakumea eta Mendia sekzioaren laguntzarekin gauzatu ahal izan zuten Groenlandiako mendi jarduera. Aurreko ikasturtearen amaieran Jordaniako Wadi Rum basamortuko hormetan eta Saudi Arabian izan ziren taldekideak, Abriendo camino (Bidea urratzen) proiektuko lehen urratsa izan zenean.