Aurten 282 lagun aritu dira Elgoibar Sasoian programan

Barren 2024ko aza. 6a, 11:54

Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak Elgoibar Sasoian programaren balorazioa egin dute ikasturte berriaren atarian.

2018an martxan jarri zutenetik urtez urte hazi egin den programa dela nabarmendu dute eta azken ikasturtean 282 herritar batu dira programaren baitan antolatutako ekimen desberdinetara. Hiru arlotan banatuta dago egitasmoa eta bakoitzaren balorazioa egin dute:

  1. Jarduera Fisikora Bideratzeko Zerbitzua (SOAF): Aholkularitza emateko eta bizitza aktiboago batera bideratzeko asmoz, Orientazio Zerbitzuak 92 erabiltzaile izan ditu 2024an; 75 emakume eta 17 gizon, % 82ko partaidetzarekin. Adinari dagokionez, 60 eta 89 urte bitarteko lagunak izan dira gehiengoa. Orientazio zerbitzura joan diren 92 pertsonetatik 67k sedentarismoa uztea lortu dutela adierazi diete, eta jarduera fisikoa euren eguneroko bizimoduaren parte dela orain, besteak beste, gimnasia, K-stretch edo igeriketa saioetara joaten baitira, eta Mintxetako muskulazio gelako erabiltzaileak ere badira hainbat lagun. Gainera, % 72k jarduera fisiko erregularren batean parte hartzen jarraitzen duela jakinarazi diete.
  2.  Jarduera fisikoa: Ardatz honek 137 erabiltzaile ditu, guztiak 60 urtetik gorakoak; horietatik 113 emakumeak eta 24 gizonak, % 82ko partaidetzarekin. Saioak Olaizaga kiroldegian eta Mintxetan egiten dituzte. Begirale baten gidaritzapean aritzen dira eta hainbat ordutegi dituzte aukeran. Taldeetan egiteko jarduerak egiten dituzte eta 60 urtetik gorakoei bizimodu aktiboagoa izateko aukera eskaintzea da helburua. 
  3. Zaintza Emozionala: Psikologo baten gidaritzapean, parte-hartzaileen ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea du helburu. Astean bi saio eskaintzen dituzte, astearteetan 9:30ean eta 11:00etan. Horietan 53 lagun aritu dira; 46 emakume  eta 7 gizon, eta emakumeen parte-hartzea % 87koa izan da. Saioak Gizarte Zerbitzuen Sailaren eta Elgoibarko Erretiratuen Etxearen arteko "lankidetza estuan" antolatzen dituzte.