Elgoibarko Udalak eta Kirol Patronatuak jarri dute martxan Elgoibar Sasoian izeneko orientazio zerbitzua, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu dute ekimena, udaletxean eginiko prentsaurreko agerraldian. Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Gorka Garaizabal zinegotziak, Tamon Mujika Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak, Iñaki Iturrioz Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zerbitzuko arduradunak eta Mikel Bringas eta Iker Etxeberria Eusko Jaurlaritzako kirol zerbitzuko arduradunek hartu dute parte aurkezpenean.
Sedentarismoari aurre egiteko sortu dute Elgoibar Sasoian zerbitzua. "Sedentarismoa eta jarduera fisiko eza gizartearen ongizate eta osasunerako arazo bilakatu direnez, inaktibotasun horri konponbidea emateko jarri dugu martxan Elgoibar Sasoian", azaldu dute. Herriko hainbat eragilerekin (anbulatorioko langileak, eskoletakoak, elkarteetako kideak…) bilerak egin dituzte zerbitzuari forma eman aurretik.
• Javier Fernandez elgoibartarrak emango du
Adin guztietako elgoibartarrentzako zerbitzua izango da, eta debalde. Jarduera fisiko eta Kirol Zientzietan lizentziatua den Javier Fernandez elgoibartarrak eskainiko du. Bi arreta gune izango ditu: Mintxetako bulegoan (astelehenetan 17:00-18:00 eta 20:00-21:00, eguenetan 10:30-12-30) eta Olaizaga kiroldegiko bulegoan (martitzenetan 10:30-12:30). Gizarte Ongizate saletik, ikastetxeetatik edo bestelako eragileetatik ere bideratu daitezke orientazio zerbitzura. Zerbitzua doakoa den arren, zita eskatu beharko da, honako helbide elektronikora idatzita: elgoibarsasoian@elgoibar.eus edo Olaizaga zein Mintxetako harrera gunetan txanda eskatuta.
• Bi urteko jarraipena
Interesatuaren egoera zein den ezagutu eta aztertu ostean, bizimodu aktiboagoa izateko aholkuak emango dizkio Javier Fernandez teknikariak. Herriak eskaintzen dituen baliabideak, kirol instalakuntzak eta kirol eskaintza ere jakinaraziko dizkio. Kasu bakoitzari jaraipena egingo diotela nabarmendu du Fernandezek. "Egun batean bakarrik etorrita ez da nahikoa. Lehen zitatik bi astera batuko gara berriz erabiltzailearekin, lehen jarraipen bilera egiteko. Bi hilabetera batuko gara berriro ere, sei hilabetera hurrena eta bi urtera azkenik", azaldu du.
• Euskadi Mugiment
Ramon Mujikak azaldu duenez, Elgoibarren urte asko daramatzate jarduera fisikoa sustatzen, eta 2010 urte ingurutik hona, osasunaren ikuspuntutik ere lantzen dituzte jarduerak. Elgoibar Sasoian ekimena 2017an hasirela lantzen azaldu du, eta zerbitzuaren garapenean Aldundia eta Jaurlaritza izan dituzte bidelagun. Izan ere, Euskadi osora zabaltzen diharduten Euskadi Mugiment ekimenarekin bat egiten du Elgoibarkoak. Baliabideak optimizatzeko, sinergiak sortzeko eta aliantzak ezartzeko eginahalean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Osasun Sailak plan estrategiko baten garapena bultzatu zuten elkarlanean, Euskadin jarduera fisikoa sustatze aldera.
• Lautik bat, sedentarioak
Gipuzkoan kirolerako zaletasun eta baliabide handiak eta asko egon arren, lau gipuzkoarretik batek bizimodu sedentarioa daramatela azpimarratu du gaurko aurkezpenean Iñaki Iturriozek. "Egun inaktiboak diren pertsona horien bizimoduetan txertatu nahi dugu jarduera fisikoa. Lehen lerroko jarduera politikoa da, gero eta zaharragoa den gizartearekin lotura zuzena baitu".